Abel Urretxo Korrika institutuanIkasle saiatu baten apunteak Korrika dela eta. GIZARTE: hizkuntza baten geografia marrazten digula Korrikak, nekez bada ere izan baden herri baten inguru-minguruak zedarritzen dituela. Errekazulo, haran, muino, ordoki, gailur hondartza: gure lurra itxuratzen duela tapa-tapa. Ametzaga, Orbaitzeta, Berastegi, Ibarrangelu, Bidarrai, Barkoxe eta beste hainbat tokitako herritarrak ikusi ditugu bideo irudietan, hain alai, hain harro! Paretako mapan kokatu ezinda ibili gara! Diaspora ere hartu du ahotan maixuak, eta Boiseko ikastolako haurrak ageri zaizkigu urruti hartan Korrikaren aitzakian festa giroan tarrapataka. Hango alkatea euskaraz mintzo dela ere kontatu digu; hemengoak ez dakiela esango nuke, hargatik! Munduan ere zabalduz doala hizkuntzari atxikimendua izerditan aldarri egiteko grina, hala nola, Katalunian edo Irlandan. EUSKARA: hizkuntza guk uste baino zabalagoa da puskaz, eta kolore anitz ditu; izan ere, ez da bakarrik korrika egiten gurean, gainera, tokian tokian, arineketan, saltaka, lasterka edo antxintxika ibiltzen da euskara-jendea. Beste aldetik, esan liteke Korrika dela munduan hizkuntza baten alde egiten den ekitaldirik handiena, indartsuena, ikusgarriena. Komeni zaigu horretaz konturatzea, batez ere txiki eta ahul sentitzen garenean. NATUR: aniztasunaz aritu gara. Espezieak bezalakoak direla hizkuntzak, eta hizkuntza-ekologiaz hitz egiten dela gero eta gehiago. Fotokopia batean, besteak beste, hauxe irakurri dugu: Planetako bizia osatzen duen puzzlean nork bere tokia behar du, landareak izan, animaliak edo pertsonak, beren aniztasunean. Eta hau gizakiaren kasuan, hizkuntza/herri/kultura dibertsitatea da. Horrela ba, korrikan parte hartzen dugularik, gure mintzoa indartzeaz gain planetaren aniztasunaren alde ere badihardugula; hau da hau! Kultura dela herrien intimitatea ere esan du, eta gustatu egin zait esaldia. INGELESA: euskara hiztunak eta ingeles hiztunak alderatu ditugu. Ez da berdina noski; gutxi eta ahultxo batzuk eta, asko eta indartsu besteak. Hizkuntzarekiko bizipenak ere bestelakoak behar dute izan, inondik ere. Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren zati hau irakurri dugu: Erabaki zailak dira guretzat. Pentsa ezazu zure hizkuntza bostehun milioi edo gehiagok hitz egiten dutela. Gurea, berriz, ezta milioi batek ere. Ez da gauza bera. Zuk zurea abandonatuz gero ez litzateke ezer gertatuko. Guk gurearekin gauza bera eginez gero, berriz, ahuldu egingo genuke, beste pittin bat bultzatuko genuke desagerpenerantz. Batzuoi hala iruditzen zaigu. Oso barneratua dugu sentimendu hori. Argi dago ingeles hiztunek running egin beharrik ez dutela. Bide batez, Small is beautiful esloganarekin akordatu naiz. MATE: milaka eta milaka direla korrikalariak; gauaren erdian banaka batzuk baino ez mendate batean gora arnas-estuka, dozenaka agian. Multzo handiak izaten dira herri kozkorretan. Aldran ibiltzen da jendetza gure hiriburuetan. Saldo politak betiere. Ezin konta ahala haur, gazte, heldu zein zahar. Zenbat baina? Zenbat korrikalari guztira? Ez ba jakin! Izan ere, hainbesteko ilusio eta harrotasun ezin baitaiteke errenditu zenbakietara. MUSIKA: korrikaren kanta mordo bat entzun ditugu youtuben. Denak ere alaiak eta biziak. Niri asko gustatu zait Fermin Muguruzaren bat: kankailu bat agertzen da furgoneta handi batean halako ogitarteko moduko batzuk saltzen. Uste dut globalizazioaren alderdi negatiboak kritikatu nahi dituela, uniformizazioa eta. KITO: bukatu dira klaseak. Gaur, betiko kalaka alde batera utzita, euskarari buruz hitz egin dute irakasle guztiek behingoagatik. Institutuaren ondoan gelditu gara klaseko gehienok 7etan Korrikan ibiltzeko. Badakit bihar nekatuta eta pozik egongo naizela. Oharra: irakasleei galdetu ea gaurkoa azterketan sartuko den. |
KMko historia >