KMko historia‎ > ‎

KMn antzerkigintza: 17 urte oholtzan

Koldo Alijostes

 KMn antzerkigintza: 17 urte oholtzan


1996-1997ikasturtean, DBH martxan jarri zenean institutuan, aukerako ikasgai batzuk eskaini behar ziren, eta, beste batzuen artean, Gorputz Adierazpena izenekoa eskaini genuen. Azken batean, antzerki munduari espazio txiki bat eman genion institutuan. Lehen Hezkuntzatik gentozen irakasleak ohituta geunden ikasleekin hamaika antzerki eta jaialdi antolatzen eta institutuan ere ‘pailazoarena’ egiten jarraitzeko asmoa genuen. Eta ustekabean, arrakasta handia izan zuen. Eta ordutik, duela 17 ikasturte, ikasle gaztetxoenak antzerkiarekin ondo pasatzeko aukera dute Koldo Mitxelena institutuan.

Hasieratik argi izan genuen ikasgai honek zein helburu izan behar zuen. Noski, helburua ez zen aktore harrobi bat izatea. Helburua, gune ludiko eta hezitzaile bat sortzea zen. 12-14 urteko nerabeei, ohiko ikasgaietatik at,  barrua husteko eta ondo pasatzeko denbora bat ongi etorriko zitzaiela pentsatu genuen. Adin honetan hainbat lotsa eta konplexu izaten da eta antzerkia horiek askatzen joateko modu egokia zela iruditu zitzaigun. Gainera, ikasketetan ongi ez doazen ikasleek,  autoestimuan ongi sentiaraziko dien ikasgai bat, presiorik gabeko ikasgaia, behar zutela pentsatzen genuen. Ahozkotasuna lantzeko ere tresna baliogarritzat jotzen genuan antzerkia. Urte guzti hauetan ideia horrekin jarraitu dugu, eta asmatu dugula uste dut.

Ikasgelan, girotzeko, askatzeko, lagunartea sortzeko eta lotsa albora uzteko hainbat ariketa egin izan ditugu, baina ikasleei jendaurrean aurkeztuko duten zerbait gauzatzea gustatzen zaie eta hori izan du xede nagusia.

Batzuetan txotxongilo lanak izan dira. Ikasleek sortutako gidoi baten inguruan, norberak bere panpina ekoizten zuen, eta gero antzezpena prestatu. Makina bat paperezko panpin sortuak gara; batzuk politak, beste batzuk ez hainbeste, baina ikaslearen ahotsa eta keinuen bidez bizitza hartzen zutenak.

Beste batzuetan antzerki lanak izan dira. Ikasleek sortutako gidoietatik abiatuta, entseguak eta entseguak eginez, musika eta jantzi egokiak atonduz …

Edozein eratako lana dela ere, jendaurrean aurkeztea izan da helburu nagusia. Urte askotan, NOLEGA programa dela eta, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan emanaldiak antolatu izan ditugu. Kultur Elkarte batzutara ere joan izan gara asteburuetan gure panpinak, holtz tolesgarria eta musika ekipoa bizkarrean generamala. Entseguak egiten genituenean, katxondeo giroa dela eta, hainbat akats egiten ziren, baina jendaurrean, serio eta arduratsu aritzen ziren ikasleak, eta emanaldi bikainak atera dira.

Institutuko (DBH 1. zikloa) Gabonetako Jaialdirako ere beti prestatu izan dugu zerbait, eta Beñat Etxepare edo Aldabeko aretoan egiten denetik emanaldi bikainak ateratzen dira.

Lehen Hezkuntzako ikastetxeetatik ikasleak institutua ezagutzera etortzen direnean ere beti egiten zaie antzerkitxo bat ongietorria emateko eta ikasgaiaren berri emateko.

Ikasgaiak 1. zikloan zuen harrera ikusita, 2. zikloan ere aukerako ikasgai modura sortu zen antzerkigintza 2006-2007 ikasturtean. Kalitate bikaineko antzezlan klasikoak prestatu zituzten eta sarituak ere izan ziren. Hiru ikasturtetan Kaixa Escena deitutako proiektuan parte hartu zuten, eta sarituak izan ziren Barakaldoko antzokian bere lana antzeztera. Hurrengo ikasturtean, Oviedon antolatutako Shakespearen inguruko topaketa batzutan parte hartzearekin saritu zituzten. Esperientzia ahaztezinak bizi izan zituzten ikasle nahiz irakasleek.

Lan honetan aritu garen irakasleok ez dugu prestaketa berezirik izan antzerkilaritzan, baina jendaurrean egoten ohituak gaude eta irakasten dugun bitartean antzerki piska bat egiten ere. Ikasgaia martxan jarri genuenean neu ibili nintzen jardun honetan, baina gero Jordan, Pablo, Roberto eta Amparo ere aritu dira, eta azken urte hauetan, egia esan, Alvaro dugu jaun eta jabe, eta beragatik dirau antzerkigintzak institutuan.

Beno, bada garaia amaiera emateko laburra izan behar zuen kontaketa honi. Uste dut, antzerkigintzak Koldo Mitxelenan leku propio bat irabazi duela 17 urte hauetako lanari esker. Batez ere,  hainbat eta hainbat ikasleen oroitzapenetan betirako geldituko diren momentuak lortu ditugulako. Eta hori ez da gutxi!



Comments