Xabi Rico (irakasle ohia) Institutua sortu baino lehenagoko urteak Gure institutua 1988-89 ikasturtean sortu zen. Beraz, atzera egin behar dugu: zergatik sortu zen une hartan eta zein testuingurutan? 1975ean Franco hil zen eta, oker ez banago, garai hartantxe sortu zituen Arabako Aldundiak lehen hezkuntzako ikastola publikoak. Aipatuko dut askoz ere lehenago Errepublika garaian sortu zela Gasteizko lehenengo ikastola Zapatari kalean. Frankismo betean Izaskun Arrue bere etxean hasi zen umeei euskaraz irakasten eta prozesu nahiko luze eta arriskutsu baten ondoren Olabide ikastola sortu zuten Izaskun Arrueren inguruan bildu ziren guraso batzuek. Baina esan dudan moduan euskarazko irakaskuntza publikoan Aldundiak eman zuen lehenengo urratsa lehen hezkuntzan. Bere ekimenez sortu ziren hainbat ikastola: Odon de Apraiz, Abendaño, Umandi, Ikasbidea…., beranduago Eusko Jaurlaritzaren menpean geldituko zirenak. Hala ere, nahiz eta 80etako hamarkadaren hasieran Euskararen Legea onartua egon, A eredua ez zen beste ezer ez zegoen Gasteizko bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan hamarkada hori amaitu baino lehentsuago. Ikasbidea ikastola zen salbuespena, baina Durana herrian zegoen eta dago. Horregatik euren seme-alabak garai hartako Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren (OHO) amaierara iritsi baino lehen, gurasoak hasi ziren mugitzen D eredu publikoa batxilergoan -14 eta 18 urte artekoa- Gasteizen progresiboki ezarria izan zedin. Hezkuntza Sailak D ereduko gelak zabaltzea eskaini zuen A ereduko instituturen batean. Baina gurasoek, Gasteizko egoera soziolinguistikoaz jabetuta, ez zuten onartu eskaintza hori, eta D eredu hutsezko ikastetxea zabaltzea eskatu zioten, hasieran Aldundiari eta gero Jaurlaritzari. Ez zuen holakorik onartu Fernando Buesaren agintepean zegoen Arabako Aldundiak hasiera batean, eta luzea izan zen D ereduko institutua lortzeko borroka. Manifestazioak, kontzentrazioak eta bestelako mobilizazioak egin zituzten gurasoek, besteak beste ikastola publikoetako irakasleen laguntzaz. Parlamentuan kateatzera iritsi ziren eta, nik dakidala, orain modan dagoen eskratxea baino okerragoa den zerbait egitera iritsi ziren. Gure ikasle izandako batzuek aitortzen dute manifestazioetara joatea izan zela beren haurtzaroaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat. KMren lehenengo garaia (1988- 1996) Amore eman zuen azkenik Hezkuntza Sailak eta Zaramaga auzoan ikaslerik gabe gelditzen ari zen Jesus Lopez de Torre OHOko ikastetxean –oraingo KM.Iean- D ereduko institutua ezartzea agindu zuen. Jesus Lopez de Torre irakasle izan nuen nire garaiko batxilergora sartu baino lehenagoko prestakuntza ikasturtean 9-10 urte nituela. Nahiko ikasi nuen ikasturte hartan, baina beste zerbait ere ikusi zuten nire begiek. Badakit ez dela oso gizalegezkoa hildakoez gaizki esaka ibiltzea, baina ezin dut nire burua erreprimitu. Orain dela 50 urte ohikoak ziren tratu txar fisikoak ikasleen kontra. Baina irakasle hura aritu zen sadismo bereziaz nire gelakide batzuen aurka. Ni zorionez ez ninduen okerregi tratatu. Baina bitxia da eskolei irakasleen izenak ezartzearen frankismo garaiko ohitura hura. Ikusten denez gehiegi begiratu gabe jartzen zituzten izenak. Zorionez, izen zaharra albo batera utzi eta Koldo Mitxelena izena jarri zioten institutu berriari. Egoki dudarik gabe, aurreko urtean hil baitzen Txillardegirekin batera euskara batuaren sorkuntzan giltzarri izan zen filologo bikaina. Kontua da gero Oreretan beste institutu bati izen bera eman ziotela eta beranduago Donostian sortu zen kultur gune garrantzitsu bati ere bai. Imitatzaileak beraz baditugu…. Ezaugarri batzuk D ereduko Gasteizko lehenengoa izateak ezaugarri bereziak eman dizkio gure institutuari. Kontzientzia berezia zuten bertara joatea erabaki zuten irakasle askok eta euren seme-alabak gurera bidali zituzten guraso askok ere bai, nahiz eta azken hauetako gehienak erdaldunak izan. Ez zuen edonork egiten garai hartan D ereduko aukera. Horregatik gurasoen euskaltzaletasunak eta kezka sozialek seme-alabengan eragina izan zuten eta garrantzia handia institutuko giroan. Euskaltzaletasuna bai, baina askoz ere txikiagoa zen euskararen erabilera ikasleen artean, ulertzekoa egoera soziolinguistikoa kontuan harturik. Horregatik hasierako urteetakoak dira orain arte etenik izan ez duten erabilera eta motibazioaren inguruko ekimenak. Gure lelo nagusi eta itsasgarri ospetsua “Euskara ahotik ahora” lehenengo garai hartakoa da. Hasierako zenbakiak 1988-89 izan zen institutuaren lehenengo ikasturtea, garai hartako lehenengo batxilergoaren (BBB, gazteleraz BUP) bi talderekin: 14 urteko 69 ikaslerekin eta 7 irakaslerekin. Bigarren ikasturtean 1. eta 2. BBBko 143 ikasle zeuden, bost taldetan banaturik. Eta hurrengoan 240 ziren ikasleak. Azken maila UBI izenekoa ezarri zenean 12 ikastalde zeuden. Ondorengo urteetan ere etengabe gora egin zuen ikasle kopurua. Hori dela eta 1995-96an aurrean zegoen Eulogio Gomez lehen hezkuntzako eskola KM II bihurtu zen. Lehenengo mailan sei talde izatera pasa ginen. Kontuan hartu behar da gainera garai hartan posiblea zela 35 ikasle egotea gela berean. Irakasle kopuruak ere nabarmen egin zuen gora urte gutxitan. Hasierako garai haietan etorri ziren gurera oraindik irakasle ditugun batzuk: Abel Urretxo, Virginia Martinez, Luis de Luz…. Lehenengo zuzendariak Isabel zuen izena, baina aktak ikusita ezin izan dugu jakin zein zen bere abizena. Abel ere zuzendari izan zen 1991 eta 1994 artean. Giro berezia gure artean Hasierako KM txiki hartan familia giro moduko bat egon zen. Bazegoen irakasle eta ikasle askoren artean gelaz kanpoko lanerako gogoa. Hainbat jarduera antolatzen ziren. Ikasle eta irakasleen arteko Euskara Batzordea sortu zen. Hamaika arratsaldeetan biltzen ginen, besteak beste, “Bele Txuria” aldizkaria inprimatzeko. Memoriak huts egiten ez badit multikopista zahar batean. Korrika urtero antolatzen zen garai haietan eta, hori dela eta, goiz osoko jarduerak antolatzen genituen. Baina bereziena izaten zen ikasleek antolatzen zuten kurtso amaierako ekitaldia. Bertan izendapenak eta ondoren oscarrak banatzen zituzten irakasleen artean. Pelikula baten izenburuen bidez saritzen zuten irakasle batzuen jarduna. Izenburuetan ironia finez irakasle horietako bakoitzaren ezaugarri bereziren bat, ona edo txarra, aipatzen zuten ikusleen barre eta txaloen artean. Gure blogean garai hartako ikasleek azpimarratzen duten zerbait da irakasleen inplikazioa eta eskuratu zuten formakuntza ona. Dena ez zen arrosa kolorekoa…. Nahiz eta aurreko atalean hainbat gauza positibo aipatu ditudan eta hainbat irakasle, guraso eta ikasleren kemena aurrera egiteko azpimarratzekoa den, ez dut garai hori idealizatu nahi inondik inora. Kontuan hartu behar da institutua hutsetik abiatu zela. Urte batzuetan irakasleen artean irizpide kontrajarriak egon ziren arlo batzuetan. Gurasoekiko harremanetan ere gorabeherak egon ziren. Diotenez, garai batean eskola kontseiluak arratsaldeko 8etan hasten ziren eta gauerdian amaitu. Bestalde, ikasleekiko harremanetan euskal gatazkaren ondorioak beti zeuden presente. Batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, baina beti hor. Eta nahiko buruhauste ekarri zigun horrek: Zenbat eztabaida eta arazo ez ote ziren egon mobilizazioen bultzatzaile ziren ikasleen eta zuzendaritzaren artean? Grebak ikasle batzuek egingo zituzten konbentzituta zeudelako, baina beste hainbatek jai egite hutsagatik…Nik ikasleen mugimenduko buruzagiei borrokarako arrazoiak (ez guztiak) eta kemena aitortzen nien, baina batzuen dogmatismoa eta burugogorkeria neurriz kanpokoa iruditzen zitzaidan. Zuzendaritzan zeudenen taktika izan zen arazoak hitz egiten konpontzearena. Ez dakit hasiera-hasierako urteetan, baina gero bai: elkarrizketa eta eztabaida zigorrari gailendu zitzaizkion. Ezaugarri hori txertatua dago institutuaren izaeran. Beraz, arazoak arazo gatazka eta istiluetatik zerbait ikasi dugu, onerako. Aipatzekoak da 1990-91an Golkoko gerraren kontrako mobilizazioetan ikasleek izan zuten parte hartze handia. Garai hartako bi gertakari tamalgarri ezin ditut aipatu gabe utzi. Bat: behin irakasle bati autoa erre zioten. Bi: ikasle bat saiatu zen Bakearen Aldeko Talde bat antolatzen, ez zegoelako ados atentatuetan jendea hiltzearekin. Asanblada baterako deia egin zuen eta berarekin bat ez zetozen batzuek “lehertu” zioten bilera hura. KMren bigarren garaia (1996-2013) Batetik hirura eta azkenik bi eraikinetan 1996-1997an izan zuen institutuak hedadura fisikorik handiena. Bi urte lehenago KM IIa Eulogio Gomezen sortzeaz gain, ikasturte honetan DBHko 1. maila hasi zen ordura arte “Reyes Catolicos” izena izan zuen OHOko ikastetxe izandakoan. KM III deitu genion oraingo KM II-ri. DBHeko lehenengo koordinatzailea Beatriz Moraza izan zen. Pixkanaka joan zen ezartzen bertan DBH osoa. Hurrengo ikasturtean lanak egin zituzten KM III-n eta ia bikoiztu zitzaigun eraikina. Obrak iraun zuen bitartean nahiko komeria izan genuen urte oso batez, baina azkenik eraikin eder bat eskuratu genuen. Eta handik gutxira Eulogio Gomez utzi ahal izan genuen. Bertan Arte Eskola dago gaur egun. KM IIa oraingo berbera da harez geroztik. KM I.ean BBB zaharra iraungi ahala oraingo batxilergoa ezartzen joan zen. Aire freskoa Horrela definituko nuke nik DBHeko 1. zikloko irakasleen etorrera. Gehienak nahiko esperientzia metatua zuten OHOko azken zikloan, batez ere aldundiarenak izandako ikastoletan elkarrekin lan eginda. Elkarlanerako ordura arte KMen egondako irakasleok baino ohitura handiagoa zuten. Irakasleen arteko giroa ere alaitu zuten. Aire freskoa ere izan ziren etorri zaizkigun ikasle gazteagoak. Azkar ohitu ginen euren martxara KM IIan. Eta giroa lasaiagoa da ordudanik KM Iean. Egonkortasuna eta eskaintza berriak Funtsean lehen aipatu dugun banaketa dago gure bi erakinen artean gaur egun ere. Aspaldi dago gure eskaintza egonkortua. Baina aldaketak eta eskaintza berriak egon dira azken urte hauetan. Horrela 1998-99tik bi ziklo eskaintzen dira KM Iean: Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapena goi mailakoa eta Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Ekintzen Gidaketa erdi mailakoa. Gorabeherak izan dituzte, baina arrakastatsuak dira gaur egun. Talde osagarria dago atezainaren etxea izandako eraikinean KM Iean, bere baratza eta guzti. Beste aldean kabitu ezinik zeuden DBHeko dibertsifikazio taldeak KM Iean daude azken urte hauetan. KM IIan Gela Egonkorra galdu dugu azken ikasturte hauetan. Penaz diot hau zeren gela honek gizartean dagoen errealitatea hurbiltzen baitzien gainontzeko ikasleei eta bertan zeudenentzat integrazio tresna garrantzitsua baitzen. Aurten jantoki berria inauguratu dugu eta horren gainean beste solairu eder bat egin digute. Ez da gutxi krisi garai hauetan. Bestalde, DBHren ezarpenak hainbat aukerako gai izateko aukera ekarri zigun eta hori ona izan ikasleen gaitasun bereziak landu ahal izateko. Hauen artean Bertsogintzak ukitu berezia eman dio KM-ri. Datorren ikasturtean berriro eskainiko da. Baina hemendik aurrera badirudi legez murriztuko dutela aukerako gaien kopurua. Aspaldi ez gara D ereduko publiko bakarra Hain zuzen ere garai honen hasieran (1996-97) Ekialde eta Mendebalde institutuak sortu ziren. Eta eskerrak, bestela hamar edo hamabost solairu izateko lanak egin beharko genituen! Horrek aldaketa handia ekarri digu urte gutxitan ikasleriari dagokionez, Gasteiz osoko ikasleak jasotzetik inguruko auzoetako ikastetxea izatera pasa gara. “Normalagoak” dira gure ikasleak gaur egun. Gehienak, diot nik, ez dira hasierako urteetan bezala guraso bereziki euskaltzaleen edo kontzientzia sozial handia dutenen seme-alabak, nahiz eta guraso euskaldunen proportzioa hasierako urteetakoa baino dezente handiagoa izan. Baina oraindik argiegia da, batez beste, gure ikasleen azala. Gero eta ilunagoa da, baina A ereduko ghettoak desagertu arte ez gara izango gizartearen isla. Are eta “normalagoak” izango gara orduan. Eta naturalagoa egingo zaigu ezagutzen ez dugun neskato beltz bati kalean lehenengo hitza euskaraz egitea. Hala izan bedi! Garai honetan ere jende asko ari izan da eta ari da lanean…. KMk behar bezala funtziona dezan. Ez da erraza gurea bezalako ikastetxea aurrera eramatea. Une zailak bizi izan ditugu. Urte batzuetan ez da erraza izan zuzendaritzaz arduratuko zen talde bat osatzea. Eta noizbait Hezkuntza Ordezkaritzak izendatu zuen zuzendaria. Zorionez azken hamar urte hauetan bi zuzendaritza talde egokor eta eraginkor izan ditugu. Lehenengoa Josean Buenok gidatua eta bigarrena Alicia Epelderen eskutik. Datorren ikasturtean aldaketa egongo da eta beste talde egonkor eta esperientziadunak hartuko du erreleboa. Eta horrela arazoak arazo eta zailtasunak zailtasun hainbat ekimenek egin dute aurrera. Adibidez, Lan Kooperatiboaren inguruan egin dena, elkar trukaketak, ehunka irteera eta nola utzi aipatu gabe ikasketa bidaia urteroko irakasle batzuen inplikazio erabatekoarekin……Baina agian bada zerbait lehen aipatu dudana eta funtsezkoa dena gure 25 urteko historian, elkarbizitzaz ari naiz. Berau gauzatzeko modua, espedienteak ireki gabe, elkarrizketa erdigunean jarrita. Nik ez dakit Elkarbizitza Batzordeak ondo funtzionatu duen azken urte hauetan guztietan, baina gure elkarbizitza estiloak bai. Aipa nezake hainbat arlotan irakasle askok egindako lan bikaina. Baina bakarra aipatuko dut nire ustez gure elkarbizitza estiloa ezarri zuelako: Afro Olabe. Erretiro hartuta dago irakaskuntzan, ez beste arlo garrantzitsu batzuetan. Baina berak ikasleekin izandako arazo eta gatazkak konpontzeko erakutsi zuen kemena, pazientzia eta elkarrizketarako gogo izugarria aipatzekoak dira. Zorionez imitatzaile asko izan ditu gurean. Guraso askoren inplikazioa ere hor dago: BASTOBI elkartearen lana, eskolaz kanpoko kirol ekintzak antolatzea. Ikasturte amaierako jaia…. 2005tik 2007ra Zirriborro aldizkaria atera zen Itziar Viana ikasleak bultzaturik eta 2009tik aurrera UrteKMkaria argitaratzen dugu kurtso amaiera aldera. Ikasle izandako batzuk egon dira eta daude gurean irakasle. Zahartzen goaz gazteagoak izan ginen irakasleok eta finkoak izan garenetako lau erretiroa hartuta gaude. Zalantzarik gabe odol eta ideiak behar dira. Eta lana gazteentzat. Euskara ahotik ahora? Lana egin da eta egiten da motibazioa eta erabilera sustatzeko, baina aspaldiko urteetan tabarra gehiegi eman gabe. Hau da, ikasleak nazkatu gabe. Gehiago egin daitekeela? Seguru. Ikasle gehien- gehienek gazteleraz egiten dute beraien artean, baina batzuei kontzientzia pizten zaie, eta nolabait eredua dira besteentzat. Eta hori ez da gutxi Gasteiz bezalako hiri batean. Ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Alde batetik gure ikasleak euskaldunagoak izango dira gizartea euskaldunagoa bada, baina ikasleei aisialdia euskaraz eskaintzea izan daiteke bide eraginkorra. Orain dela urte batzuk Euskharan elkarteak 4. DBH-eko ikasle talde batekin antolatu zituen jarduerak oso arrakastatsuak izan ziren. A!, aurten berriro dago martxan Euskara Batzordea. Teknologia berriak Multikopista izeneko gailu batekin egiten ziren kopiak 1988-89 edo fotokopiagailuarekin. Baina fotokopiak garestiak ziren… Idazmakinak ere ez dira pleistozeno garaikoak. Txaro Senosiainek dio 1994an ekarri genuela lehenengo ordenagailua KMera. 1996ean hasi ginen notak ordenagailu bidez sartzen. 1998 irailean Word ikastaroa egin genuen irakasle guztiok ikasturtea hasi baino lehen. Pixka bat beranduago internetera konektatu ginen. Sarea, einika, arbel digitalak, ordenagailuak DBHeko 1. zikloan…. askoz ere kontu berriagoak dira. Gizarte konplexu honetan umezurtz sentitzen gara tramankulu hauetako batek huts egiten duenean. Diapositiba proiektoreak eta VHS bideo gailuak nonbait egongo dira hauts geruza eder banaz estalirik. IKT ikastetxea gara, besteak beste Koldo Alijostes eta Luis de Luz egindako lan eskergari esker. Primeran, baldin badakigu teknologiaren aurretik pertsonak gaudela. Baina egiari zor, nork ez du galdu klase ordu oso bat teknologia berrien kontura? Ikasturte honen hasieran zikintzen gintuen klariona desagertu da gure geletatik. (Goian Bego). Horien ordez itxuraz garbiagoak eta aldi berean kutsagarriagoak diren errotulagailuekin idazten dugu. Familia bitxia Badakizue familia oso bat egon dela gure institutuan aldi berean? Bai, Oskar Ormaetxea ingeles eta frantses irakaslea, bere emazte Paka atezain gisa lanean, eta Julen eta Angela seme-alabak ikasle. Guretik pasatu dira Hainbat ikasle ospetsu edota ezagun bihurtu zaizkigu. Batzuk aipatuko ditut. Besteek barka nazatela, baina zaila da guztiak gogoan izatea: Aitziber Agirre ikerlaria eta Teknopolis programaren aurkezle izandakoa, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Ander Solozabal bertsolariak… (gehiago ere badaude), Unai Lobo Betagarri taldekoa, Hodei Arrausi EITBeko korrespontsala Txinan, Unax Ugalde aktorea, Iñaki Prusilla udaletxeko zinegotzia, Esti Diez ikerlaria, Koikili Lertxundi eta Gaizka Toquero futbolariak, Eneko Pou eskalatzailea, Katixa Agirre idazlea…… Gogoan izan dezagun… Ez garela egon eta ez gaudela bakarrik irakasleak eta ikasleak. Administrari laguntzaileak ere hemendik pasatu dira eta badaude. Izugarrizko lana egin dute. Bat aipatzekotan, Txaro Senosiain gurekin hogei urte inguru daramana. Atezainak ere dozenaka pasa direla. Salbuespenak salbuespen, lan ederra egin dute. Beraiek gabe institutua geldirik legoke. Haietako askok alde egin dutenean luntx eder batekin agurtu ditugu. Ikasle izandakoak preso izan ditugula eta ditugula urrutiko gartzeletan. Nik gutxienez guztiak gure artean ahalik eta azkarren egotea desio dut. Bereziki gogoan izan ditzagun mundu hau utzi duten irakasle eta ikasleak. Gure oroimenean beude, gutxienez guk haiek bezala ere mundu eder eta zoro hau utzi arte. Baliteke, hala ere, Txirritak zion bezala “batzuen aipamenak izatea beste laurogei urtean”… edo gehiagotan. Xabi Rico, Gasteizen, 2013ko apirilaren 22a |
KMko historia >