KMko historia‎ > ‎

Hitza Ardatz

Josean Bueno Saez de Albeniz



HAINBAT GOGOETA KOLDO MITXELENA INSTITUTUARI BURUZ


Eskatu zidatenean Koldo Mitxelenako zuzendari moduan nire esperientzia kontatzeko, berehala antzeman nituen oztopoak: alde batetik gauza gehiegi dira lerro batzuetan jasotzeko, eta bestetik, askotan bezala, bizi izandakoa adierazteko hitz egokiak topatzea ez da lan erraza. Gainera, zuzendaritza lana talde jarduera da gure artean, eta horregatik Koldoko urte horietaz hitz egitea hainbat pertsonaz hitz egitea da: aurretik aritu zirenak, nirekin zuzendaritza taldeetan ibilitakoak, beste irakasle eta lankide ugari, ikasle jatorrak, guraso zintzo eta langileak …; horietatik guztietatik asko ikasi dut,  pozik eta harro sentitzen naiz elkarrekin ibili izanaz. Asko dira, eta askotan dut gogoan Koldora egin zioten ekarpena. Haatik, erabaki dut ez dudala inoren izenik aipatuko: urte haietan hemendik ibili ginenok badakigu nortzuk diren, eta ibili ez zena nekez jabetuko da, honako azalpen apalarekin, nolako pertsonak ibili diren Koldon egitasmo eder honetan aurrera bultzaka. Baina tira, besterik gabe nire ikuspegia azaltzeari ekin diezaiodan; honakoa da, gutxi gora behera:


Hitzek indar izugarria dute. Izan ere, hitzek errealitateari buruz dugun ikuspegia alda dezakete; eta, hortaz, errealitatea bera aldaraztera bultzatzen gaituzte gu geu. Hitza da irakasle moduan dugun baliabiderik aberatsena, eta hitza ere bada biderik onena arazoak eta gatazkak bideratzeko. Hortik abiatu ginen bizikidetza lantzeko asmoan, bizikidetza izan baitzen gure ardatzetako bat. Bazegoen Koldon gauzak egiteko modu bat, estilo jakin bat, elkarbizitza kudeatzeko era bat, tolerantzian, elkarrizketan, parte hartzean, konpromisoan eta jarrera hezitzailean oinarritutakoa. Ideia hau baliagarria izan zitzaigun urteetan, eta horregatik segida eman nahi genion, prozedurak ezarriz eta garatuz. Planteamendu hau paperetan jaso eta hiztegi komuna finkatu behar genuen horretarako prestakuntzan oinarriak landuz eta gogoeta elkarrekin eginez. Horretan ibili ginen eta bizikidetzak dituen adar askotatik batzuetan gauza interesgarriak egin genituen; are garrantzitsuagoa, egitasmo batzuk erabat lotu ziren Koldoko ohiko barne funtzionamenduan, hala nola bizikidetza batzordeak edota diziplina prozedurak. Izan ere, ia diziplina-espedienterik sortu gabe ikastetxea kudeatu zitekeela bagenekien, aurrekoak bide horretan jada saiatuak zirako; nola gauzatzen den hori eta prozedura onuragarriak nola garatu daitezkeen aztertzen saiatu ginen. Askotan asmatu egin genuelako sentipena daukat. Ez beti, jakina. Hanka sartze eta akats larriren bat baino gehiago leporatu dakiguke, dudarik gabe. Baina, horrekin ere, aurrera jo genuela uste dut, geroari begira gauzak zehaztuz eta antolatuz, oinarrizko irizpideak idatziz finkatuta.


Koldon irakaskuntza hobetzeko proiektuak bideratzen ibili ginen, lankidetzan, ahozkotasunean edo IKT alorrean aurrerako pausuak emateko. Gainera, ordutegietan zama bazen ere, gaur egun bezala, talde gehiago sortzen genituen (bereziki DBHko lehen urteetan) ikasgela bakoitzean ikasle gutxiago egon zedin. Ikasleen aniztasunari erantzuteko egitasmo berriak martxan jartzeko apustua egin genuen, KM1ean kokatu zen talde osagarriarekin, HBEHP taldeekin …. Esperientziak eta bide berriak gauzatu ziren, bereziki gure irakasle batzuen inplikazioari esker. Ikasle multzo polit batek horretatik guztitik probetxu atera zuela badakit, eta horrek balio berezia dauka, erronka ez baitzen batere samurra. Hala ere, aniztasuna gelan, ikastaldean bertan, tratatzeko estrategietan hutsunea dugulako inpresioa daukat. Seguruenik, garai hartan ez genion kontu horri behar bezala heldu. Oraindik ere, behar horretan zer egin badugula iruditzen zait.


Koldo Mitxelena Institutuaren zutabea dugu hizkuntza. Izan ere, hizkuntzak giza adierazpenik aberatsenak dira, milioika eratan gure bihotza edota gure burua uki diezaguketenak. Euskaraz bizitzeko gunea nahi dugu Koldo, babesleku bat Gasteizen gure hizkuntzarentzat. Ildo horretan jarraitu genuen aurrekoen eginiko bidean urte horietan. Bertsolariak, idazleak … ohiko bisitariak genituen eskolan. Batxilergoko saio batzuk egitera etortzen zen Jon Maia gogoratzen dute bereziki garai hartako gure ikasle ohi batzuek. Zertarako hori guztia? Bihotzean eramaten duguna ezpainetara atera dadin, hau da, euskaraz hitz egiteko. Euskararen kontuan jarrera ekintzailean etengabe aritu beharrean gaude; hasteko gure ikasle askorentzat euskara ez delako lehen hizkuntza, eskolan bakarrik erabiltzen dutena baizik; eta beste aldetik euskara ahultasunean dagoelako komunikabideetan eta gure gizarte ingurunean; gainera, segurtasun falta berezkoa duten gaztetxoen kasuan, asko eskatzea da euskaraz egin dezaten, hain erraz gaztelerara jotzea denean. Arlo honetan uste dut ereintza lana dela gurea, hizkuntza guztiekiko sentsibilitatea landuz eta horien artean euskara bereziki maitatzeko jarrera bultzatuz.


Une atseginez eta esperientzia aberatsez betetako urteak izan ziren, baina momentu zailak ere egon ziren, noski. Besteak beste, ez da atsegina zure izena diana baten barruan edo faxista adjektiboaz jantzita ikustea institutuko hormetan, bi metroko pintadetan. Konflikto politikoarekin lotutako gatazka haietan denok galtzaile ateratzen ginelako ustea dut: onik ez zuten inorentzat ekartzen. Noizean behin giroa laztu eta samina zabaltzen zen irakasle, ikasle eta familien artean. Gure institutua gatazka-gune bihurtu nahi zen balizko eskubide urraketen arrazoipean. Izan ere, zuzendari moduan, eta horren arduraz, egiten ziren eskaera guztiei ezin nien baietza eman, hori ez da ez posible ez egokia. Edozein kasutan, gainontzeko gatazketan bezala, honetan ere saiatu ginen ikuspegi hezitzailea edukitzen. Gure ikasleak gaztetxoak dira, heziketa prozesuan, eta honelako gertaerek ere balio behar zaizkigu gogoeta egiteko, pentsatzeko, pentsarazteko eta irizpideak fintzeko. Hori izan zen gure planteamendua eta horretan jardun genuen. Horregatik ere elkarrizketaren bidez etengabe aritu ginen; jada esana dago aurretik irakasle moduan hitza dela gure tresnarik onena. Bestalde, ez dugu inoiz nahi izan bere barnera itxi egiten den eskola, kanpora irekitzen dena eta kontzientzia zabaltzen duena baizik. Eta horrekin batera elkarrekiko errespetua funtsezkoa da; hori irakastea izan da gure asmoa. Koldotik pasatu direnek esango dute noraino bete dugun nahi horiek guztiak.


Erabaki ugari hartu behar dira zuzendaritza taldean zaudenean. Ez duzu beti asmatuko, jakina, baina saiatu bai, saiatu egiten zara. Gainera aipatu behar dut Koldon badaudela irakasle eta langile asko –baita ikasle pila bat ere- beti laguntzeko prest izango dituzunak, edozein lanaren edo arazoaren aurrean. Inoiz ez nintzen bakarrik sentitu eginbeharrean. Eta ardurak dituzunean oso eskertzekoa da ondokoen jarrera hori. Ez dut inor koipetu nahi, baina askotan harro sentitzeko motiboak izan ditut Koldoko zuzendaria izanda, gure ikasleak, irakasleak edo gurasoak zirela medio.


Azkenik, gure giza taldea nolakoa den definitzen duen gertaera bat kontatu nahi dut. Nire zuzendaritzako azken urtean tutoretza pizgarriak ezarri ziren (soldataren osagarria da, tutore denak kobratzen duena); horrekin arazoa sortu zitzaigun Koldo Mitxelenan: tutore gehiago genituen, esleitzen zizkiguten orduekin talde gehiago sortzen baikenituen, gelako ikasle gutxiago izateko. Baina administrazioak bakarrik tutore kopuru jakin bat onartzen zigun. Gainera, momentu hartan osagarri gelan zeudenak ere ez zeuden onartuta tutore moduan eta horiek ere ez zuten kobratzen. Administrazioak eskatzen zidan zuzendari moduan erabaki nezala eta kobratu behar zuten tutoreen zerrenda bidal nezala. Nik, aldiz, uko egiten nion horri eta idatziz behin eta berriro eskatzen nien guztiek kobra zezaten, guztiak baitziren tutore. Blokeo horrek gure institutuan zera suposatzen zuen: ez tutoreek ez mintegi buruek ez beste kargudunek ere ez zuten kobratzen karguaren osagarria. Arazoa urrian hasi zen, eta egoera maiatzeraino luzatu zen. Presio larrian ikusten nuen nire burua, hilabeteak pasatzen zihoazen eta inork ez zuen osagarria kobratzen. Azkenean konponbidea aurkitu genion egoerari: eskatzen zidaten papera bidali nuen, bai, irakasle batzuk kanpoan utzita. Baina gero gure txanda izan zen: Koldoko irakasleok poltsa batean bildu genituen osagarriak (tutoreok, zuzendaritzakook, tutoreok …) eta poltsa komun horretatik bakoitzari zegokiona kobratu genuen. Denok pixka bat gutxiago, baina denok kobratu genuen zegokigun osagarria, zerrendan zeudenek eta ez zeudenek. Irakasleon % 90ek baino gehiagok hartu zuen parte horretan. Nik ezin nuen imajinatu modu hobea zuzendaritza uzteko, elkartasun eta batasun erakustaldi harekin.


Hori guztia eta gero, zer esango dizuet, Koldo Mitxelena Institutua bezalakorik nekez topa dezakedala badakit. Eta Koldori buruz aritzean, ez iezadazue objektibotasunik eskatu. Subjektiboa naiz, erabat, maite diren gauzekin gertatzen den moduan.



Comments