Koldo Mitxelena Institutuaren sorreraren 25. urteurrena betetzen dugun honetan, Kirol jardueren alorreko Heziketa zikloen eskaintza dugunetik 14. urtea beteko da. Aurreko urteetan prestaketa lan ugari egin eta gero, 99-00 ikasturtean sortu zen lehenengoz Gorputz eta Kirol jardueren Animazioa Goi Mailako Heziketa Zikloa. Bi ikasturte beranduago hasi zuen bidea Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Jarduerak Erdi Mailako Heziketa Zikloak, zehazki 2001-2002 ikasturtean. Hasierak gogorrak izan ziren, dena berria izaki, ikasketa hauetara moldatzeko irakasleek egin behar izan zuten lana ikaragarria izan baitzen: edukiak prestatu, materiala landu, instalakuntzak aurkitu eta hauek erabili ahal izateko kudeaketa lanak egin, … Kontuan izan beharra dago garai hartan zikloez arduratzen ziren irakasle gehienak behin behineko egoeran aurkitzen zirela eta hortaz jarraipena izateko inongo bermerik gabe. Horrek kasu gehienetan urtetik urtera taldea aldatzen joatea zekarren eta behin betiko plazarekin etorri ziren lehenengo irakasleak heldu arte irakasle bakarrak izan zuen jarraipena sortu zen unetik, Xabi Maritxalar hain zuzen ere. Aurrekoarekin batera Isabel Abad izan zen sorrera honetan lanaren zamaren zatirik handiena Xabirekin partekatu zuena.
Hasiera honetan ikasle taldeak oso txikiak izaten ziren eta honek ikasle-irakasle harreman oso estua ekartzen zuen, elkarren arteko ezagutza handiak lagunduta. Baina aldi berean matrikula garaian zikloak eskaintzeko gutxieneko 10 matrikulako langa gainditzeko zailtasun nabarmenak izaten ziren uztaila aldean. Urte askotan telefonoari sua ateratzen genion izena emateko zalantzan zeuden ikasleei deika, epea bukatu aurretik animatzen ahaleginduz. Urteak aurrera egin ahala, irakasle talde finkoa osatzen joan da eta honek gure eskaintza lan munduaren beharrizanetara moldatzen joateko aukera eman digu. Zehazki, Goi mailako Heziketa Zikloari dagokionean Fitness munduko jardueretan gure ikasleen prestakuntza osatuago baten beharraz ohartu ginen, gure ikasleak praktikaldiak egiten zituzten gimnasioetako arduradunekin izandako harremanari esker. Gauzak horrela, Bikain gimnasioarekin hitzarmen bat sinatu eta 04-05 ikasturte erdi aldera astean ordu batzuk ikasleekin bertara joaten hasi eta alor honetako formakuntza indartzeko ahaleginari ekin genion. Lau urtez egon ginen Bikain gimnasiora joaten, hau itxi zuten arte. Berri txarra izan zen guretzako hasiera batean, gabon inguruan gimansio gabe gelditu eta ikasturte erdian alternatibez pentsatzen jarri behar ginelako. Krisi garaietan sarri gertatzen den moduan, larrialdi egoera bat aukera garaia bihurtu zen, horrela Bikain gimnasioko material guztia modu onean erosteko betaren aurrean aurkitu ginen. Ataka honetan, ikastetxeak aurrera urratsa egin zuen eta ahalegin ekonomiko handia eginez bertako materialaren jabe egin eta gure gimnasio txikia osatu zen. Honek alor honetan genituen formakuntza aukerak asko hobetu zituen.Une honetan gure eskaintza egonkortuta dagoela esan dezakegu. Etengabe hobetuz eta moldatuz dihardugun arren, ikasleei eskaini beharreko formakuntzaren zutabeak argi ditugu eta ahalik eta erarik eraginkorrenean hauek aurrera eramateko ahaleginean ari gara. Hemendik aurrera dugun erronka nagusia LOE legera gure heziketa zikloetako eskaintza egokitzea da. Hau egin ahal izateko, lanbide heziketa zuzentzen duten erakundeek ziklo berrien diseinua bukatu eta onarpen politikoa eskaini behar diote. Hori gertatzen denean ekin beharko diogu gure eskaintza moldatzeari. Hasiera batean gutxieneko matrikulazioa lortzeko arazoekin bagenbiltzan ere, une honetan, onarpen handia du gure lanbide heziketa eskaintzak eta taldeak guztiz osatu eta gainetik itxarote zerrendak izaten ditugu azken urteetan. Ea horrela izaten den urte askotan. |
KMko historia >