Juan Mari Juaristi BERTSOKMN “Zarauztarra izanik, bertsolaritza emango duzu!” izan zen entzun nuen esaldia erronka eginez. Institutuak Bertsolaritza Tailerra eskaini eta gero gertatu zen, Xabi Riko Laudiora bidali zutenean. Ikasleak apuntatuta genituen eta irakaslea falta. A zer komeria! 91-92 ikasturtea zen. Boleto guztiak neuzkan eta hala egokitu loteria! Bertsozale banintzen, baina bertsotan nola egiten zen arrastorik ere ez nuen, egia esan. Hori bai, zarauztarra nintzen, eta abantaila handia zen hura, nonbait. Kontua da, ausarkeriaz, baietz esan nuela azkenean. Talde bakarra izan zen lehen ikasturtekoa, ale eder askoak bildu zituena. Ondo pasa genuen, eta haiekin batera hasi nintzen neu ere bertsoa nola egin behar zen ikasten; gero, ahotik ahorakoa hitzetik hortzera zabaldu eta hurrengo urteetan taldeak ugaltzen joan ziren, inoiz ikasturte bakar batean guztira 90 ikasle edo izatera ere heldu arte. Martxa horretan joan ziren 17 urtean 16 edizio. Tartean-tartean, bertsolariren bat ateratzen zen, edo gai-jartzaile edo epaile arituko zena, edo gutxienez bertsozalea izango zena gero. Hori ere ez da gutxi. Baten batzuk hor dabiltza oraintxe bertan plazaz plaza kantari, aurkezle, epaitzen edo entzule gisa. Hala ere, aipagarriena da euskaldunago egiten zirela gehientsuenak bidean, euskaraz hiztunago behintzat. Apuntatzeko amua sagardotegira egiten genuen txangoa izaten zen, eta trukean jendaurreko ekitaldiak egin behar zituzten, Laudion eta Ikasbidea ikastolan jeneralean. Askok aitortu didate handik urte askotara pozik, urte haietako oroitzapenen artean huraxe dutela gordea, sagardotegira egindako txangoarena, alegia. Esan bezala, horren ordainetan, aurrez prestatzen zituzten bertsoak eta buruz ikasiz “a triunfar” igotzen ziren taula gainera jendaurrean kantatzera. Ongi atera ziren saioak oro har, lapsusak lapsus eta txuletak txuleta. Eta esan behar da ibilbide luze horretan, saioak bat-batean egitera ere heldu ginela azkenean, ikasle bakoitzari ahal zuen neurriko lana eskatuz, noski. Txundituta geratzen ziren beti euren adineko ikasleak ziren entzuleak. Eta geu, berriz, harro. Orain bertsolaritzaren bideari ekin nahi zaio berriro Koldo Mitxelena Institutuan. Bejondeizuela! Bada irakasle presturik lan hori ongi baino hobeto egingo duena, eta izango da kimu berririk ere euskaraz ongi pasatzeko eta pixka bat artista sentitzeko apuntatuko dena. Beraz, animatu zaitezte eta hasi mingainak dantzatzen. |
KMko historia >