Edurne Beitia (zuzendari ohia) 1999-2003
Hiru urte neramatzan institutuan ikuskariak zuzendari izendatu ninduenean, eta hiru zuzendari ezagutu nituen hiru urte horietan. Hori baino lehenagoko kontuak ez dakizkit ondo: badakit zuzendari batzuk ikuskariak jarri zituela eta beste batzuek beren burua aurkeztu zutela proiektu bat aurrera ateratzeko, eta badakit giroa gaiztotuta zegoela eta inork ez zuela ontzi haren pilotua izan nahi. Ondorioz, urtero aldatzen zen zuzendaria, eta berriaren aukeraketa beti izaten zen traumatikoa. Derrigortutako zuzendari berriek ahalik eta hobekien egiten zuten beren lana, noski, baina ikasturte baterako bakarrik hartzen zuten kargua. Neuk ere ez nuen zuzendaria izan nahi, eta nire aurreneko asmoa ikasturtea amaitzearekin batera ardura hori uztea bazen ere, maiatzera iritsi ginen, erreleborik ez zegoen, eta ni eta nirekin batera aritu ziren lagunak indarrez sentitu ginen beste ikasturte batez jarraitzeko: buelta eman behar zitzaion egoerari, eta denbora pixka bat beharko genuen. Eta horrela lau urtean. Giroa gaiztotuta, egoerari buelta eman… Zer gertatzen zen, bada? Esango nuke gizartean bizi zen egoera gogorraren ondorioa zela ezinegona. Pankartak, pintadak, kartelak, asanbladak, grebak, itxialdiak, planteak, atxiloketak… ohikoak izaten ziren, eta horren aurrean irakasleek ez zuten denek egoera berdin ikusten: zenbaitentzat onartezina zena beste hainbatentzat ulergarria zen. Gainera, klaustroari askotan eskatzen zitzaion inplikazioa hau eta bestea salatzeko, ez dakit zein mobilizaziorekin bat egiteko… eta hori izugarri ezerosoa zen guztientzat eta giroa gaiztotu egiten zen. Hondoa jo genuen irakasle bati autoa erre ziotenean: orduan ere ezin denok erabat ados jarri. Dena den, gatazkatik harago ere bazegoen desadostasuna, zenbait proiekturen inguruan, lan egiteko moduaren inguruan eta abar: izaera, estilo eta pentsakera oso desberdineko irakasleak geunden. Hortaz, zuzendaria edonor izanda ere, sekula ez zuen klaustro osoaren babesa izaten. Horiek guztiak horrela, zalapartarekin lotzen zen ikastetxea Gasteizen, eta ospe horrek hainbat urtean matrikulazioan eragin handirik izan ez bazuen ere (euskaraz ikasi nahi izanez gero, gurera etorri behar), 1996tik aurrera izugarri kaltetu gintuen, gure eskaintza bera zuten beste bi ikastetxe ireki baitziren: Ekialdea eta Mendebaldea, hain zuzen. Ikasleak lortzeko zailtasun hori izan zen gure zuzendaritza-lanaren akuilua, gure jokamoldea definituko zuena. Ikasleak erruz etorriko baziren, ikastetxe erakargarria bihurtu beharko genuen gurea. Nola, ordea? Bada, guztiok gustura egoteko lekua bilakatuta, munduari euskalduntasunetik begiratuko ziona eta kalitatezko irakaskuntza eskainiko zuena. Ezin esan zalaparta isildu zenik gurekin; aitzitik, oso momentu gogorrak bizi izan genituen guk ere: zenbait ikaslerentzat (eta gurasoren bat ere ados zegoen) ikastetxea borroka-lekua zen ezer baino gehiago, eta irakasleak faxista eta arrotza iruditzen zitzaien sistema baten ordezkari eta morroi; etsaiak, beraz. Baina esango nuke gero eta gutxiago zirela gauzak horrela ikusten zituztenak eta gainerako ikasleen babesa galduz eta are arbuioa irabaziz joan ziren. Gustura sentitzen ziren gehienak; ikusten zuten hitz egiten zela, askatasuna bazegoela eta beren iritziak eta proposamenak aintzat hartzen zirela, baita ikastetxeak bat egiten zuela gizartean zeuden hainbat kezkarekin: Irakeko inbasioaren eta Egunkariaren itxieraren aurkako mobilizazioak gogoratzen ditut, besteak beste. Denbora eta indar gehiena horretan eman genuen: hamaika bilera ikasleen ordezkariekin, ikasle guztiekin, eskola kontseiluan…, bitartekari baten laguntza ere izan genuen, araudia adostu genuen adierazpen- eta greba-eskubidearen inguruan… Kontua da ikastetxea lasaituz joan dela ordutik hona, neurri batean lan hari esker, baina gehienbat ikasleak eta gizartea bera lasaitzearen ondorioz eta ondorengo zuzendaritzak abian jarri zuen bizikidetza planarengatik. Gainerako denbora eta indarra ikastetxearen eguneroko funtzionamenduan jarri genuen. 96an LOGSE ezartzearekin batera, lehen hezkuntzako 7. eta 8. mailak desagertu ziren eta DBHko 1. a eta 2.a bilakatu. Administrazioak ikasle horiek Errege-erregina katolikoak ikastetxe zaharrean kokatu zituen, eta eraikina berritzeko eta handitzeko lanei ekin. Bitartean, 3. eta 4. mailako ikasleak Lope de Torre zaharrean zeuden (gaur, diseinu eskola) eta plan zaharreko ikasleak, Koldo Mitxelenan. 99an, Errege-erregina katolikoak ikastetxearen lanak amaituta, hantxe elkartu zen DBH osoa. Dudarik ez, elkartze horrek kohesioa eman zion ikastetxeari, ordura arte ia loturarik gabe baitzebiltzan DBHko bi zikloak. Ezin ahaztu 3 urte horietan berritze eta handitze lanak zirela eta lehen zikloko irakasle guztien egonarria eta elkarlana, eta batez ere lanen jarraipena egiteaz arduratu zirenek egindako lan eskerga. Garai hartakoak dira heziketa zikloak ere. Zerotik hasi behar izan zen, ez zegoelako inolako azpiegiturarik ez eta irakats materialik ere, baina irakasleen lanari esker hasiera makal hari zorte hobea jarraitu zaio: ospe handikoak dira gure zikloak, eta eskaera handia dago. Besterik, zer? Bada, gogoan dut urte horietan zenbait irakaslek utzi zutela ikastetxea eta beste zenbaitek hartu zutela plaza gurean, gogotsu hartu ere, eta horientzat eta gainerako guztientzat osatu genuela “KMn galdu gabe ibiltzeko jakingarriak” izenburuko ikasturte hasierarako txostentxoa. Denok antzera nola jokatu eta zer zen garrantzitsua eta zer ez erakutsi nahi izan genuen bertan. Ordenagailuak lotzeko lehen sarea ere garai hartakoa da, administrazioak jarritakoa baino urte batzuk lehenagokoa, ikastetxearen diruarekin ordainduta. Ikasleak erakarri behar genituen eta propaganda ere urte horietan berritu genuen, eta esango nuke oso berritzailea izan zela bai diseinuarengatik bai edukiarengatik ere: irudiek eta hitzek ederki erakusten zuten nolako ikastetxea nahi genuen. Horrekin batera, garairako nahiko politak ziren power-point aurkezpenak prestatu genituen gurasoei guri buruzko informazioa emateko. KM plaza ere abian jarri genuen. Ikasketaburuaren antolatzeko eta negoziatzeko gaitasunari esker, ikasle gutxiko gelak lortzen genituen, adibidez hiru gelarekin lau eginda. PIEEko ikasleekin lan polita egin zen, sukaldaritza tailerra oinarri… Dena den, nire ustez, lorpen handiena lau urte irautea izan zen, horrexek eman ziolako ikastetxeari egonkortasuna. Besterik egin ez bagenu ere, hor egoteak berak lasaitasuna ekarriko zuen. Estilo bateko talde bat aritu ginen, eta hainbat irakaslek bat egiten zuten estilo horrekin, eta besteak ere ondo ibili zirela esango nuke, diferentziak diferentzia, giro ona sortu zelako. Gainera, klaustroak konpromisoa hartu zuen hurrengo zuzendaritza-taldeetan parte hartzeko. Zerbait txarra aipatzekotan (gauza gehiago ere egongo ziren), pedagogian hobetzeko lanik ez genuela askorik egin aipatuko nuke. Berrikuntza xume bat baino ez genuen proposatu arlo horretan: gelan mahaiak U forman antolatzea, horrek bestelako harremanak eta lan egiteko moduak ekarriko zituelakoan. Ez dakit ekarri zituen; dakidana da erresistentzia handia egon zela hainbat irakasleren aldetik. Iruditzen zait pedagogia oraindik ere landu beharreko arloa dela, egia bada ere irakasleen artean mordoxka batek egiten dituela saiakerak bide horretan. Baina oso zaila da eta eguneroko lanaren eta burokraziaren zurrunbiloak harrapatuta gauzka. Kontuak kontu, zenbait gauza hobetzen joan ziren lau urte horietan eta hurrengoetan ere bai. Ospea hobetzen joan zen urtetik urtera: emaitzak onak eta giro ona zegoela zabaldu zen; ondorioz, ikasle berriek ez ziguten huts egiten eta matrikula hazi zen. Gure zuzendaritzari lau urteko beste bat jarraitu zitzaion, eta hari bost urteko bat. Datozen bost urteetarako ere badugu zuzendaritza-talde bat, zorionez. Luze joan bazait ere, gauza asko geldituko ziren aipatu gabe, baina gogora ekarri dudana ideia bat egiteko baliagarria izan daiteke. Nik, oro har, gogorapen ona daukat, seguruenik gauza txarrak ahazteko dugun joeragatik. Ikastetxe txikia zen, oso eramangarria. Lan handia egin genuen, eta lagun handiak ere bai. Ikusten denez, izenik ez dut aipatu, baina jende asko eta asko izan dut gogoan hau idaztean; garai hura bizi zenutenok jakingo duzue nor zerekin lotu. Eta barka ezazue, arren, zuek egindakoa agertu ez bada lerro hauetan.
|