Ainara Estarrona (ikasle ohia) “Koldo” gogoan... Iruditzen zait hasierako ikasle, irakasle eta guraso gehienen izenean hitz egiten dudala, Koldo Mitxelena institutu bat baino askoz gehiago izan zela baieztatzen dudanean. Gurasoentzat apustua, euskararen eta kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko apustua, baina ia zerotik hasi beharrekoa, horrek zekartzan arriskuekin. Araba euskalduntzeko ikastolak sortzeko hainbeste lan egin ondoren, lan horrek segida behar zuen eta gurasoek ez zuten amore eman euren seme-alabentzat euskarazko hezkuntza osoa bermatu arte. Irakasleentzat ere hutsera egindako jauzia, erronka galanta, buruhauste ugarien iturria, euren bokazioa proban jartzeko aukera paregabea. Eta ikasleontzat... abentura!!! Abentura zirraragarria, heldutasunean sartzen ari ginenaren sentipena, gurasoekiko zilbor-hestea mozteko urratsa, beheak eta goiak irensteko gogoa, mundua aldatzeko itxaropena, 80ko hamarkadako borrokarako aldez aurretiko jarrera... nerabezaroa, aldaketa garaia, nortasuna finkatzeko garaia, abentura zoragarria... Baina abentura eskolako lehen eguna iritsi aurretik hasi zen. Beharbada kontatu behar dudana ez da politikoki oso zuzena, baina gauzak horrela gertatu ziren eta horrela daude iltzatuta nire oroimenaren kutxa zaharrean. Garai hartan ahaldun nagusi (uste dut) zen Fernando Buesaren bulegoan ikusten dut nire burua, institutu euskalduna behar genuela adierazi genion bilera hartan eta oso gogoan dut bere lehen erantzuna: “Por encima de mi cadáver”. Ondoren, hainbat manifestazio eta ekimen egin genituen gurasoekin batera erabat euskalduna eta publikoa izango zen Euskal Herriko lehen institutua lortzeko (D ereduzko gelak baino izango ez zituena eta Ikastola ez, baina institutu izango zena). Azkenean, borrokaren ondorioz, helburua lortu genuen eta oztopoak-oztopo, lehen urterako 70 ikasle bildu ginen Koldo Mitxelena Institutuari hasiera emateko. Gogoan dut lehen urte hura oso gogorra izan zela, zenbait gurasoen arteko liskarrak datozkit burura eta pena handiz gogoratzen ditut aitak etxean gai honen inguruan kontatutakoak, gure herrian hain ohiko diren bidelagunen arteko eztabaida eta borroka zentzugabeak. Ikastola desberdinetatik etorritako ikasle eta gurasoak bildu ginen lehen urte hartan eta gurasoen aldetik hezkuntza-ereduen arteko talka gertatu zen, bakoitzak institutua bere eredura ekarri nahi zuen, norberarena beti onena dela pentsatuz. Ikasleok (irakasleen laguntzarekin) hartu genuen orduan hitza eta gogoan dut bilera egin genuela guraso eta irakasleekin. Bilera hartan dagoeneko ez geundela ikastolan adierazi genien eta utz zitzatela institutura iritsi aurreko tirabirak alde batera, institutua denon artean egingo genuela eta ikasleon iritzia kontuan hartzeko garaia heldu zela, gurasoen artean zegoen banaketa ez genuela ikasleen artera ekarri nahi garbi eta ozen esan genien, zilbor-hestea mozten pixkanaka... Pasa zen urte gogor hura eta bigarren urtean irakasle guztiak edo gehienak aldatu ziren. Gogo eta ideia berriekin iritsi ziren hainbat irakasle, aurreko urtean gertatutako guztiaren beldurrez, baina euren lanaren bokazioak bultzatuta hezkuntza eredu propioa sustatzeko gogoz. Gogoan dut nola defendatzen genuen gure institutua egiten zizkiguten kritika guztien aurrean. Gogoan dut nola defendatzen genuen eta harrotasunez defendatu ere, liburuetan jartzen zuenaz gain, gainontzeko institutuetan ikasten ez ziren beste hamaika gauza ikasten genituela Koldo Mitxelenan. Esandakoaren adibide diren hainbat eta hainbat pasadizo gordetzen ditugu garai hartako ikasle ohiek, baina nik gutxi batzuk baino ez ditut aipatuko, betirako nire barneko txokorik kuttunenean gordetako gutxi batzuk baino ez. Gogoratzen dut ikaskide bati dirua lapurtu ziotela behin. Inork ez zekien nor izan zen, baina zurrumurruak zeuden eta beti bezala, ikasle ganberroenei leporatu zitzaien lapurreta. Haiek ezetz, beraiek ez zekitela ezer eta orduan, bidegabekeriaren aurrean elkartasuna adierazteko eta bide batez lapurtutako dirua berreskuratzeko, dirua agertu arte inor ez zela institututik aterako erabaki genuen. Irakasle batzuk atera nahi izan zuten, baina ez genien utzi, nork ziurtatzen zigun ez zirela beraiek izan dirua hartu zutenak? Egoera hartan denak ginen susmagarri edo denak ginen errugabe, beraz, ateak itxi genituen eta etxera deitzen hasi ginen lotara ez ginela joango abisatzeko. Gurasoak institutura hurbildu ziren hura onartezina zela esanez, baina guk ez genuen amore ematen (eskertzekoa orduan izan genuen zenbait irakaslen laguntza eta babesa, gure erabakiekiko errespetua azken finean). Ezin ziren barrura sartu, itxialdia zen eta han ez zen inor ateratzen eta ez zen inor sartzen. Ikustekoa zen gurasoak leihoetatik jana pasatzen afari gabe gera ez gintezen... Azkenean, zenbait gurasok erabaki zuen hura ez zegoela onartzerik eta nahikoa zela, ume moko batzuk ginela eta etxera eramango gintuztela bai ala bai. Bilera bat egin zen eta gauzak ez okertzearren etsi egin genuen, hori bai, bidegabe akusatuak izan zirenak asteburuan ere institutuan geratu ziren itxialdia egiten, euren errugabetasuna defendatzeko. Uste dut azkenean “munipak” bidali zituztela gazte hezigaitz haiek menderatzeko... Iruditzen zait pasadizo honek ezin hobeto erakusten duela urte haietan Koldo Mitxelenan bizi zen giroa eta norbaitek institutuari buruz galdetzen didanean, beti etortzen zait burura egun hura, primeran irudikatzen baitu institutuan ikasi genuen “guztia”. “Koldon” aldarrikatzen genuen elkartasunaren ikur izan zen ekimen hura. Gogoan dut era berean, abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren egunean, eskolara joatea proposatu genuen eguna, hau da, jai arrotz eta inposatu bat ez ospatzeko proposamena egin genuen eguna. Batzarra egin genuen irakasleekin gaiari buruz hitz egiteko. Bozketa egin genuen eta gehiengoa eskolara joatearen alde agertu zen, baina orduan, irakasleen erretolika etorri zen: institutuak dagoeneko nahiko fama txarra zeukala, alde bateko dotrina bakarrik erakusten zela gurean, hainbat gauza entzuten zirela kalean “Koldori” buruz eta horrelako ekimen bat aurrera eramanez gero, egoerak okerrera egingo zuela. Beste institutuekin batera eginez gero ideia ona litzatekeela, baina gu bakarrik izanda, arriskutsua zela eta bla, bla, bla... beharbada ez zitzaien arrazoia falta eta hala ulertu genuen orduan, baina oraingo perspektibarekin eta langile bizitzan murgilduta nagoela, susmoa dut irakasleek euren zubia galtzeko arriskua ikusten zutela batez ere ;-) (ezin da hemen emotikono horietako bat jarri???). Institutuak oso fama txarra zuen kalean, desberdina den orok duen fama txarra, ezezagunak sortzen duen arbuioa eta gaitzespena jasotzen zituen eta gainera euskalduna eta nolabait esateko, iraultzailea zen, zer okerragorik VTVentzat? Edozein aitzakia ona zela greba egiteko, terroristak sortzen zirela gure ikasgeletan, euskaraz izanda gainditzea erraza zela eta “nahikoak” oparitu egiten zizkigutela, beste edozer egiten zela han behar ziren gauzak ikastea baino... baina kontua da urteak joan eta urteak etorri, Koldo Mitxelena institutuak oso emaitza onak izaten zituela selektibitatean, kritikatzen zuten guztien zorigaitzerako. Honen ildotik, UBI egiten ari ginela, greben kontua berrikustea erabaki genuen denen artean eta ordura arte egun osoko greba zirenak geldialdi izatera pasatzea erabaki genuen. Ikasle askok greba egunak ohean geratzeko aprobetxatzen zituzten eta greba eguna ez zela jai eguna argi utzi nahi genuen, beraz, deitutako ekitaldietan parte hartzeko geldialdiak egitea erabaki genuen egun osoko greben ordez, beharbada horrela ekitaldietara jende gehiago hurbilduko zen itxaropenean eta gure borrokarentzat galdutako zentzua eta begirunea berreskuratu nahian. Horrelakoak izan ziren Koldo Mitxelenako lehen urteak, horrelakoak ginen garai hartako ikasleak, baina baita irakasleak eta gurasoak ere. Lehenik eta behin, eskerrak gurasoei, haien lanari esker Koldo Mitxelena bezalako institutu batean ikasteko aukera izan genuelako. Izan dadila testu hau gure aitari egindako omenaldia ere, Arabako hezkuntza publikoaren eta euskaldunaren alde egindako lan eskerga izugarriagatik. Seguru nago gustura hartuko lukeela parte institutuaren 25. urteurren honetan. Gure gurasoen eredua izan zen abentura honen ardatz nagusia. Gurasoek hasitako euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko borroka barreiatu genuen guk beste alor askotara. Irakasleei ere mila esker, eurek lagundu baitziguten hein handi batean, liburuetan agertzen ez ziren gauza horiek guztiak ikasten, bereziki eskertu nahi diet aldaketa urte haietan bidean lagun izateagatik, gogoan dut askotan ez zigutela esaten zer egin edo zer ez, gure erabakiak errespetatzen zituzten eta hori nerabe batentzat altxorra da, beraz, nire eskerrik beroenak urte haietan jo eta su lanean ibili ziren irakasle guztientzat: gogoan Afroren jarrera lapurretaren eguneko itxialdian; gogoan Xabi Ricoren yoga jardunak eta baita astelehenetako lehen orduko erlaxazio-ariketak ere; gogoan Jon Juaristiren sintaxi zuhaitzak, niretzat euskara eskolak interesgarri egin zituztenak, horrek bultzatu al ninduen Euskal Filolofia ikastera? zenbatetan gogoratu naiz zuhaitz haietaz karreran Chomskyz hitz egiten zigutenean...; gogoan Mariateren ahaleginak gimnasiari behar zuen garrantzia emateko; gogoan Abel, Luma, Virginia eta JuanMari (rosa, rosae...), Amparo, Alicia... eta gainontzeko guztiak, denei eskerrik beroenak, bene-benetan. Gogoan era berean, hainbat ikaskide eta haiekin pasatako momentu ahaztezinak: Kiko Mangarran eta bere istorioak, Bele Txuria aldizkaria egiten genuen taldekideak (Adolfitoak ziren banatzen genituen sari haiek? batzutan oroimenak huts egiten dit...), “ganberroak”, haiek gabe “Koldo” ez baitzen gauza bera izango, borrokalari sutsuak, saltsa guztietako perrexilak... eta hemen bai, ez dut izenik emango, nahi baino lagun gehiago ahaztuko ditut bestela. Hau guztia gogoratuta, esan dezaket “Koldo” izan dela gaur naizenaren errudunetako bat: euskalduna, norberaren herriaz arro sentitzen dena (“el que no quiere a su patria, no quiere a su madre” Calle 13; aitak ere askotan esaten zidan: “ez fidatu euren herriaz gaizki esaka ibiltzen diren horietaz”), eskola publikoaren aldekoa, mundua aldatzeko itxaropena galtzen ez duten horietakoa, gauzak beste era batera egin daitezkeela sinisten duten horietakoa, hezigaitza, kontraesanez eta zalantzez betetakoa, ameslaria, abenturazalea, erantzunkorra (amaren esana ondarrutarrez: “zelako lapiku, halako tapi”)... Nerabezaroan nortasuna finkatzen baldin bada, ezin ukatu urte haietan bizi izandako guztiak bere arrastoa utzi duela nigan, baina buka dezadan behingoz...testua berrirakurtzean, amonaren istorioak kontatzen ari naizela iruditzen baitzait, benetan diozue dagoeneko 25 urte pasa direla? |
KMko historia >