K M 25 + H K Hasiera hasieratik izan dira herri-kirolak gure institutuaren izaeraren adierazleetako bat, horren lekuko dira gure argazki zaharren bilduman ikusgai ditugun hainbat argazki, gehienetan sokatirari lotuak, ikasleak beraien artean edota irakasleen kontra tiratzen erakusten dizkigutenak. Baina, garrantzi handiko aurrerapausua eman zen 1996-97 ikasturtean, DBH indarrean jarri zenean. Dena hasi zen, ia ia kasualitatez, ikastetxeko festa batekin. Herri kirol erakustaldia genuen antolatuta udaberriko arratsalde baterako. Bazkaldu ondoren hantxe agertu zen Fernando Velez de Mendizábal, Lopidanako nekazaria, herri kirolari eta euskaltzale amorratua. Bere furgoneta, megafonia eta guzti, patioan sartu eta beharko zituen tramankulu guztiak prestatzen hasi zen. Ikasleak agertu zirenean harrituta gelditu ziren Fernandok prestatutakoa ikustean: txingak, lokotsak banan banan kokatuta, bi harri izugarri, kubikoa eta esferikoa, ingudea, trontzalari lana egiteko guztia, aizkorak eta enbor parea ere aizkolari lana egiteko, eta lazto fardoa altxatzeko hiru makil luzeak, bere polearein eta soka fardoari lotuta. Ikusgarria eta harrigarria izan zen arratsalde hartan gozatu genuen ikuskizuna; eta adjektiboekin motz gelditu naizela uste dut, hantxe ikusi baikenuen nola pertsona bakar bat, Fernando alegia, ia atsedenik hartu gabe, kirol bakoitza aurkeztu, musika egokia megafonian jarri eta herri kirol guztiak egiteko kapaz zen. Baina, trontzaren momentua iritsi zenean, ah, ze nolako begiradak irakasleen artean Fernandok laguntzaile bat behar zuela esatean! Eta nolako arindua hartu zuten guztiek gizon txikitxo hura, asko pentsatu gabe, berarengana hurbildu eta trontzari beste aldetik heltzeko prest zegoela ikustean! Inolako beroketarik egin gabe hasi ginen biok, Lopidanako nekazaria eta Opakuako irakaslea, trontzari tiraka bizpahiru enbor-txuleta atera arte. Fardoarena izan zen azkena, eta gero ikasleen txanda iritsi zen. Handik aurrera, urtero egon dira presente herri kirolak gure institutuan. Fernandok herri kirolekiko zaletasuna eta gogoak kutsatu zizkigun, eta, hamabost urte igarota, esan dezakegu luzea dela, zaletasun horrek bultzatuta, burutu dugun jarduera zerrenda. Euskadiko Eskola Arteko Jokoetan parte hartu dugu, batzuetan Arabako txapelketa irabazi ere; eta gehiegi harrotu gabe, esan behar da Euskadiko txapeldunak edota txapeldun ordeak izan direla Koldo Mitxelenako neskak zein mutilak; horren adierazle dira institutuko hainbat apaletan ikusgai dauden kopak eta trofeoak. Badaiotz herri kirol taldearekin aritu diren ikasleak ere izan ditugu, eta horietako baten bat Fernandorekin batera ibili da hainbat herritatik erakustaldiak ematen. Baina, kirol erdi-profesional mota hori pozgarria bada ere, askoz aipagarriagoa da urte hauetan herri kirolei lotuta landu dugun alde pedagogikoa. Aukerako tailer batzuetan eta Gizarte Zientzien arloan ere aztertu ditugu herri kirol desberdinen jatorria eta bilakaera. DBHko 1. zikloko ehundaka ikaslek praktikatu dituzte herri hirolak atsedenaldietan burututako gelen arteko saioetan, batzuetan dominak eta guztientzako diplomak ere banatuta. Ikasturte bukaerako festetako programetan agertzeaz gain, azken urteetan euskararen erabilpena sustatzeko kanpainekin uztartu dira ere herri kirolak. Oso interesgarria izan zen Bernedoko eskola zaharretan izandako egun batzuetako egonaldia, esku-pilotarekin lotua; oraindik badaukat etxean egun haietan, edozein ikasle banintz bezala, egin nuen nire lehenengo esku-pilota, benetakoa, larruzkoa. Oroimen polita, benetan. Aipatzekoa da ere azken urte hauetan institutuko ikasle guztiek ezagutu dituztela herri kirolak, bai teorian baita praktikoki ere. Izan ere, Gorputz Hezkuntza mintegiak hainbat unitate didaktiko programatu eta garatu egiten ditu DBHko 1. zikloan zehar, urtez urte erosten joan diren materialeak erabilita. Eta, izenik aipatu gabe, inor ez ahaztearren, eskerrak eman nahikp nizkioke jarduera hauetan guztietan laguntzen eta animatzen ibili diren institutuko langile eta gurasoei. Alvaro Ruiz de Gordoa Musitu |