“Nire lana institutuan garatu nuen zerbaitekin lotua dago. Euskararekin dudan konpromisoa eta harremana bertan jorratu nuen”. Naroa Cuesta 1997 eta 2003 artean izan genuen institutuan ikasle. Ondoren kazetaritza ikasi zuen Leioako EHUko fakultatean. Euskarako komunikazioa eta hizkuntza gutxituen inguruko masterra ere egin zuen. Radio Vitorian hiru urtez lan egin zuen eta aldi berean GEU aldizkarian kolaborazioak egiten hasi zen. Gaur egun GEU elkartean egiten du lan Gasteizko Mintzalaguna programaren teknikari gisa. Zein izan zen zure lehenengo inpresioa institutura iritsi zinenean? Berez Toki-Eder ikastolan ibili ginenoi ez zitzaigun tokatzen KMera etortzea, baina klaseko 5 edo 6 etorri ginen etxetik hurbilago genuelako. Burura datorkidan lehenengo ideia da nagusi egin nintzela. Baina nire lehenengo jarduera Zuazako irlara joatea izan zen eta bertan ezagutu nuen gaur egun lagun dudan jende asko. Zer esango zenuke laburki institutuan pasatutako urteez? Esperientzia ona izan zen, bai gelan ikaskideekin eta bai irakasleekin. Hauekin harreman ona izan nuen. Urte horietan lehenengo aldaketa garrantzitsua egin nuen nire bizitzan, gurasoen kontrolpetik aterata. Oso esperientzia polita. Atsedenaldietan genuen giroa ere gogoan dut. Oroitzapen bereziren bat? Irteerak eta bereziki bat, Kepa Izagaren gurasoen etxera egin genuena. Izan zuen institutuak eraginik euskararekiko duzun jarreran? Garai horretan, 16, 17, 18 urteekin hartzen da kontzientzia. Institutu barruan hasi ginen euskaraz egiten. Kanpoan lagun batzuekin egiten nuen eta besteekin ez. Gero hizkuntza ohiturak aldatzen saiatu gara. Kasu batzuetan lortu dugu eta beste batzuetan ez. Guraso erdaldunak ditut, baina euskara eskola hizkuntza izatetik nire bizitzan dagoen hizkuntza izatera pasa da. Zein izan ziren KMren alde onak eta txarrak? Txarra, gauza bat batez ere, batxilergoko astearte amaigabeak. Ordu pila bat sartzen genuen egun horretan. Ona: harremanak, lagunak, giroa, irakasle onak…Bereziki plastika dut gogoan. Ez zait gustatzen, baina Koldo Alijostesekin kalera ateratzen ginen marraztera, Brullerias plazara adibidez. Edota, DBHko hirugarren mailan orduko koadrilako zortzi neska inguru klase berean geudenean, ikasturte berezia izan zen!! Orokorrean, oroitzapen politak datozkit burura. Nola sentitzen zineten beste ikastetxeetako ikasleekin konparatuta? Ez dakit, baina nik harrotasunez esaten dut KMkoa naizela. Zer eskertuko zenioke bereziki institutuari? Gaur egun lagun dudan jende gehiena bertan ezagutu nuen. Nire lana institutuan garatu nuen zerbaitekin lotua dago. Euskararekin dudan konpromisoa eta harremana bertan jorratu nuen. Nola ikusten duzu gazteen euskararen erabilera? Gaia konplexua da. Ezagutzak gora egin du eta erabilera oso gutxi handitu da. Gizarteak egin behar du lan arlo horretan eta norberak ere bai. Mintzalaguna egitasmoan egiten duguna interesgarria da. Gaztelaguna ere badago. Gazteok, eta gizarteak oro har, euskaraz egiten duten pertsona erreferenteak behar ditugu. Egilea: Xabi Rico |
Elkarrizketak >