Aurreko martxoaren 7an, Emakume Langileen Nazioarteko egunaren bezperan, Koldo Mitxelena institutuko 25. urteurrenaren aste kulturalaren baitan “Mariposas en el Hierro” izenburuko dokumentala ikusteko aukera izan genuen. Gainera, zuzendaria, Bertha Gaztelumendi eta ekoizpen exekutiboko kidea den Izaskun Moyua Artium-eraino bertaratu ziren, filmea amaitu ostean eurekin solasaldian egoteko parada izan genuelarik. Dokumentalak erabaki politikoetan eta bakearen kulturaren eraikuntzan emakumeen presentzia eta ahotsa aldarrikatu nahi ditu. Horrekin batera, egoera gogorrak gainditzeko emakumeen gaitasuna eta elkarrizketarako joera goraipatzen ditu. Biolentzia mota ezberdinak pairatutako tximeleta anitzek hartzen dute parte bere ikuspuntua azalduz: benetan unkigarriak eta indarrez beteak, adibidez, Asun Casasolaren, Nagore Laffageren amaren, hitzak; Tere Ruiz de Arbulok, bi euskal presoen amak, humiltasun osoz bere sufrikarioa azaltzen digu; interesgarriak eta kontutan hartzekoak ere Edurne Brouard-en eta Carmen Hernandez-en testigantzak (lehenengoaren aita GAL-ek erail zuen, bigarrenaren senarra, ETA-k), adiskidetzerantz aurrera egiteko egindako kaltea aitortzea defendatzen dutela… Aipatzekoa dira grabazioak egiteko erabilitako paisaiak, tokiak, irudiak… indar handikoak, istorioekin bat egiten dutelarik. Nik gustora igaro nuen pelikulak irauten duen ordubetea. Ez nekien zer ikusiko nuen eta emakume horien hitz kementsuek gogoz bete ninduten. Zeoze “negatibo” aipatzearren, beharbada, zenbait testigantza motz geratu zitzaizkidala (eraso sexuala, inmigrazioa… jorratzen duten testigantzak), denbora gehiago merezi zutela uste dut. Azkenik, pelikula bukatu zenean, publikoak eskoletara ekartzea eskatu zuen, klaseetan eztabaidatzeko gai potenteak proposatzen baititu… Ea laister gure klaseetan ikus ditzakegun! Itziar Lekuona |
Ekitaldien kronika >