Bernardo Atxaga

Bernardo Atxaga,
idazlea, Koldo Mitxelena institutuko gurasoa.


Hitzaldia:
"Harri baten aurrean"

    
Bidean zoazela, besteak ez bezalako harri1 bat ikusi duzu. Marrazki bat du alde batean: gurutze moduko zerbait da. Hartu eta etxera eraman. Herriko auzokoek badute harri klase horren berri. Batzuek tximistak jotako harriak direla diote; beste batzuen arabera, hori bezalako harriak bota zizkioten  Kristori juduek, eta “matacristos” izena dute; are gehiago, harri hori oso ugaria da Galarreta eta Heredia inguruan, eta hangoei “judíos” deitzen diete ezizenez.

    Berezia, ez dakiguna esplikatzeko beharra sentitzen dugu, eta hala, harri baten berezitasunari bi azalpen bilatu zaizkio. Batean, arrazoia ilargipean aurkitu da, materian, erantzun fisikoa da: tximistak jotzean utzitako arrastoa da marka hori. Beste erantzuna, ordea, metafisikoa da, poetikoa, eta indarra lehenagoko kontaera batetik datorkio.

    Adibide horrekin hasi zuen Atxagak bere hitzaldia, eta pasadaz bada ere, eskolari egindako kritika bat jarraitu zion: ez ote garen fisikaz asko arduratzen eta oso gutxi metafisikaz, poesiaz, literaturaz.

    Harriaren adibidearen ondotik, beste hainbat etorri ziren, guztiak arrazonamendu poetikoak mundua interpretatzeko duen balioa erakusteko. Esaterako, basoko zarata beldurgarrien jatorria esplikatzeko, Pan jainkoa asmatu zuten greziarrek; eta birikek egiten zizkioten txistu-hotsak suge bati leporatu zizkion Mikela Elizegiren amonak: barrura sartuko zitzaion sagarrondoaren azpian lotan zegoela. Ikusten denez, arrazoi poetikoa baliatzeak indar handia izan dezake, eta Panen kasuan, adibidez, pertsonaia bat ez ezik hitz bat ere sortu zuen: panikoa. Mikela Elizegiren amonak aurkitu zuen erantzuna, bestalde, lotuta dago aurreko kontaera batekin, paradisuko sagarrondoa eta sugearekin, noski, eta bide eman zion geroagoko bati: musker batek jan zion burmuina Obabako Albino Mariari.

    Eta horrela, adibidetik adibidera ibili gintuen Atxagak, eta Rousseau, Masoch, Sade eta Gilgamesh ere ekarri zituen hizpidera. Bukatzean, entzuleen galderen txandan, beste kritika bat eskolari, ikasleak irakurketan zaletzeko egiten duen lanaren harira. Hitzaldi interesgarri eta atsegina, dudarik ez. Gozatuaz gain, zer pentsa ere eman zigun han bildutakoei.

1Harri hori micraster bat da, fosil bat.


Comments