![]() Kontatu zure KMko kontuak hemen edo bidali km25@koldomitxelena.net helbidera. Gero, orri honetan argitaratuko ditugu.
IA 25 URTEZ Ia 25 urtez ibai txoko berera doan arrantzaleak badaki, beti ibai bera izanda ere, egunero ezberdina izango dela biziko duen unea, ezberdina jarduna eta ezberdina etekina. Ia 25 urte horrelaxe joan zaizkit neuri ere Koldo Mitxelenako erriberan arrantzuan eta hainbatetan arrantzaka. Urak lasai eta goxo pasatzen ikusi ditugu; harro eta zakar hurrengo; garden eta uger, bare eta zalapartari. Batzuetan lortutako arrantzakiarekin harro sentitu gara, beste batzuetan esku hutsik ere joan izan gara, erdi etsita. Unerik latzenak kaleko giro gaiztoak lokazten gintuenean bizi izan ditugu: haserreak, irainak, indarkeria,...Ez zen beti erreza izaten uholdearen ostean urak bere onera ekartzea. Minduta sentitu naiz eta mina eragingo nion neuk ere norbaiti,seguru. Sentitzen dut. Baina arrantzale jendeak ez du gogoko izaten porrotei buruz aritzea, nahiago izaten du bere lorpenei buruz aritu, askotan hauen neurria gehiagotuz. Horixe bera egingo nuke neuk ere Koldotik atera diren bitxi guztien meritua neure buruari zor zaiola esango banu; hala ere zerbaitetan lagundu dudala sinistu nahi dut edo oztopo handiegia ez naizela izan behintzat. 25 urte hauetan egun idazle, kirolari, zientzialari, mediku, artista,... puntakoak izan ditugu ikasle, bestelakoak ere makina bat, jator askoak; honek merezi izan duela argi daukat. Hauetakoren batzuk jada gure ondoan irakasle ere hasi gara ikusten; gainera ilusioz beteta. Hori behar du irakaskuntzak, etorkizuna: jende gaztea. Zerbaitek bereziki pozten banau, ikasle ohiekin euskaraz aritzea da, edota nola beren seme-alabei euskaraz hitz egiten dieten entzutea; horretan Koldo Mitxelena aintzindaria izan zen Gasteizen eta eredu izaten jarraitzea nahi nuke. Beraz, hauxe da arrantzale zaharraren kezka: nola lortu gaurko ikasleak euskara erabiltzera bultzatuko dituen amu erakargarri hori prestatzea, pasabideetan eta gutxitxo entzuten dela iruditzen baitzait. Hara! Hasi gara agureen moduan marmarka eta garai batekoa hobea zela esaten. P.E. besarkada bat lankideei, martxa honetan beste 25 bat urtetan eutsi beharko zaio-eta. Luma. (Irakaslea) Hasierako 25 urteak meritu handikoak izan ziren ikastetxea osatu genuenontzat. Gurasoek eta ikasleek apustu eta ahalegin handia egin zuten ikastetxe hau ireki eta aurrera eraman ahal izateko. D ereduko 1. ikastetxe publikoa zen Araban. Guk, irakasleok, konpromiso horri erantzuna emateko beharra geneukan. Batzuk, kanpoko ikastetxetatik etorrita ginen arabarrak izanda, besteok inguruko lurraldeetatik etorrita hemen egon eta beraien herrien inguruetara itzultzeko asmoz. Orain gehienak Araban bizi gara. Orduan, baliabide eskasak genituen. Artisau lana egiten genuen euskaraz gehiena egiteko zegoen eta. Ikasleek ez zeukaten testu libururik. Ikas-materialak sortzeko eta egokitzeko itzulpengintzan trebatu ginen itzultzaileak izan gabe, zalantzak askotan gure artean argituta. Klariona, arbela eta, eskerrak, fotokopiagailua erabiltzen genituen. Ondorengo urteetan editorialek ikasgai komunetako liburuak argitaratzen hasi ziren. Material osagarriak ere agertzen hasi ziren, baina beti ere irakasleok lan handia egin behar izaten genuen egokitzeko. Lehenengo ordenagailuekin batera interneten kontsultak euskaraz egiteko aukera izaten hasi ginen. Orain, baliabide ugari eskura baditugu ere, berritzaileenak eta kalitate onenekoak beste hizkuntzatan daude interneten (ingelesez, gaztelaniaz, ...). Ikus-entzunezko materialak (bideoak, entzutekoak, ...), interaktiboak, historiakoak, ez-formalak, proiektuak eta abar euskaraz gero eta gehiago daude, baina, antolatu gabe oraindik. Ahalegin handia egin dugu eta jarraitzen dugu egiten irakasleok ikasleekin batera lanik onena egin ahal izateko. Aldiz, baliabide fisiko asko ditugu gaur egun: Arbela eta rotuladorez gain, arbel digitalak, informatika gela nahiko eta DBH1 eta 2an ordenagailu pertsonalak. Erronka berri baten aurrean gaude. Baliabide hauei etekina ateratzeak inplikazio metodologikoak eta zena kritikoa eta lan kooperatiboaren garapena eskatzen du. Ikasleen ahalegina urte guzti hauetan ere baloratu behar dugu, noski. Gure lan proposamenei erantzuten jakin dute, ekarpen aberatsak egin dituzte askotan eta parte hartzeko iniziatiba beti izan dute. Eta metodologiaz hitz egitekotan, 25 urte hauetan erreforma ezberdinei aurre egiten jakin izan diegu. Hasieran BUP batxilergoa zen, talde handiak, ikasketa guztiz propedeutikoak, unibertsitatera begira. Gero, LOGSE erreformarekin batera, DBH, Batxilergo berria eta Lanbide Heziketako moduluak. Horrek talde txikiagoak, baina anitzagoak ekarri zituen. Gelan lan egiteko modua aldatzera behartu gintuen eta ahalegin handia eskatu zigun. Aniztasunari erantzuna emateko, urte batzuetan talde malguagoak (errefortzuak), PIE, osagarri eta CD taldeak eta aukerakotasun handiagoa DBH eta batxilergoan izan ditugu. Hau denak erraztu du ikasleek arreta indibidualizatuagoa eta programazio eta metodologia egokituagoak izatea, eta horri esker ikasle askok, aukera honi probetxu ateratzen jakin dutenek, aurrera egin dute. Erreforma berria ezarri nahi digute orain eta lehenengora bueltatzeko proposamen honen aurrean erne egon beharko dugu. Ikastetxea beti egon da proiektu askotan inplikatuta eta horrek eguneroko ihardueretan eta metodologian eragina handiagoa edo txikiagoa, baina nabaria izan du beti. Azpimarratzekoak Bizikidetza eta Euskara sustatzeko proiektuak, betidanik garatu ditugunak, IKT heldutasun teknologikoa proiektuak (azken 8 urteetan) eta, aurten Berrikuntza metodologiko proiektua, DBH4ean garatu duguna eta datozen urteetan DBH1, 2 eta 3-ra zabaldu nahi ditugunak. Eta ez da azkena, datorren ikasturtetik aurrera ere batxilergoan, hasiera batean, gela eta arloen antolakuntza aldatu nahi dugu ikasgelak arlo-gelak bihurtzeko. Ekintza puntual asko ere urtero borobiltzen dute geletan egiten dugun lana (irteerak, ekintza-hitzaldiak, World-kafeak, hizkuntza-trukeak, ...). Izan ere, Koldo Mitxelena ikastetxera etorri diren familiek beti eskatu digute bereizten gaituen ahalegin berezi bat eta hemen urteetan egon garenok eta pasatu diren irakasle asko eta askoren inplikazioa aparta izan da. Eta hurrengo 25 urteetan, gutxienez, konpromiso horrekin horrela jarraituko dugulakoan nago. Luis de Luz (irakaslea) Seis cursos escolares fueron los que yo pasé en Koldo Mitxelena como coordinador de actividades extraescolares, concretamente, de las deportivas. Pasados los años la mayor parte de los recuerdos que me quedan son agradables, aunque algún nubarrón siempre queda. Entre lo positivo mencionaré que uno de nuestros objetivos era que los chavales y chavalas que provenían de diferentes centros de primaria pudieran a través del deporte relacionarse y hacer cuadrilla, elemento éste tan importante en las edades del instituto. Así mismo intentamos hacer del deporte en la escuela, en el instituto, una actividad donde tuvieran cabida los más hábiles y los menos dotados. Que el equipo sirviera para disfrutar, divertirse, hacer deporte y dar cobertura a gente diversa. No olvido cómo a determinados padres y madres les costó entender que ganar a cualquier precio no entraba en la filosofía ni educativa ni deportiva del Koldo Mitxelena. Conseguimos con mayor y menor éxito la implicación de las familias; de lo que si estoy convencido es de los buenos ratos que disfrutamos en las jornadas de final de temporada, los almuerzos etc) . La actividad deportiva extraescolar, a mi entender, es un complemento a la tarea educativa, que aunque supone esfuerzo y trabajo produce muy buenos beneficios cara a la formación integral de los chicos y las chicas. No quiero olvidar a todos los que durante ese período aunamos fuerzas e ilusiones para que el nombre de Koldo Mitxelena sonara en los diferentes ámbitos relacionados con el deporte( centros escolares, federación, Diputación, etc) . Yo, si me permitís, me quedo con el saludo alegre y cariñoso que recibo de muchos adolescentes de entonces, jóvenes de hoy en día , cuando me cruzo con ellos por cualquier calle de nuestra ciudad. Gracias a todas y a todos. Miguel Sagarribai (Guraso ohia) O TEMPORA, O MORES Badira 23 urte Koldo Mitxelena institutora etorri nintzela latin eskolak ematera. Egun, zaila egiten zait atzera begiratu eta guztia gogoratzea, gauza asko pasatu direlako besteak beste, eta nire bizitza erdia honetan eta hemen eman dudalako. Baina anekdotak eta pasadizoak kontatzeko eskatu didate eta horixe egingo dut. Koldoko ezaugarri nagusiena beti izan da EUSKARA. Eta horixe izan zen gure lehenengo erronka, materiala euskaratzea edo zegoen apurra bilatzea; ezin baitugu ahaztu garai haietan ia ez zegoela deus euskaratua. Beraz gure lehenengo lana itzulpengintza izan zen. Oraindik gogoratzen ditut nire buruhausteak hiztegia euskaratzeko: consonante oclusiva= kontsonante oklusiba?, hertsia?, itxia?...kaka zaharra!. Bigarren ezaugarria zen teknologia, edo hobe esanda, teknologia eza. Ordenagailu bat bera ere ez geneukan. Genituen tresnen artean modernoena bideokamara zen, zortzi kilo pisatzen zituena, bestalde. Eta ikasleria motibatzeko erabiltzen genuen. Gogoratzen dituzue bideoz grabatzen genituen pelikula horiek. Alpargeitor al deitzen zen? Zeinetan Lobok Minotauroaren papera egiten zuen? Eta Sabinotarren bahiketa ez al genuen grabatu? Bestalde, gogoratzen dut ia leku guztietan erre zitekeela, ikasgeleetan salbu. Baina zilegia zen irakasle gela eta pasabideak kez betetzea. Imaginatu klaustro toxiko haiek. Ni gaixorik bueltatzen nintzen etxera. Gero, ireki genuen erretzaileentzako gela eta han metatzen ziren erretzaile guztiak. Aitzitik, gaur egun zaletasun edo mendekotasun hori daukatenek tokitara joan behar izaten dute erre ahal izateko. Ikusten duzuenez bizioak aukera gutxi ditu gurekin jarraitzeko. Ederto asko gogoratzen dut nire lehenengo ikasbidaia Kataluniara: Daliren museoa, Bartzelona, Rosas, Ampuries…. Pentsa, hain ginen zintzoak irakasleok, zein gure bidaia geuk ordaindu genuela ikasleei hain garesti atera ez ziezaien. Egun, ikasbidaietara joaten jarraitzen badut ere, London, Berlin…konturatzen naiz urteak ez direla alferrik pasatu, batzuetan ezin baitut ikasleen erritmoa jarraitu. Goizean primeran egoten banaiz ere, gauetako imaginaria bukaezin horiek ezinezkoak suertatzen zaizkit. Ezinezkoa zait burutik kentzea Londongo hoteleko bi km. (bider lau alde) dituzten pasabide amaitezin haiek. Moketa ziztrin hura, zein nazka!!!. Zer ez ote den egongo moketa hartan? Eta gure ikasleak oinutsik pasabide haietatik!!!. Helduegia naizelakoan nago horrelakoak ikusteko. Ez ditut ahaztuko, inondik inora, jaialdi haiek non irakasleok sariak jasotzen genituen. Ez dut izena gogoratzen baina nire etxetik oraindik badabil ahatetxo laranja eta horiska bat. Eta nire greko taldeak oparitu zidan pelutxea. Etxean daukat eta nire seme-alabei ez diet sekulan utzi ukitzen., oso preziatua baita niretzat. Bukaerarako eta ez garrantzitsuak eta preziatuak ez direlako, utzi ditut nire latin eta greko ohiko ikasleak eta noski “diberreko” neska-mutilak. Jakin ezazue guzti-guztiak gogoratzen zaituztedala eta izugarrizko poza hartzen dudala ikasle ohi bat ikustea hiri-autobusean gidari, eta gainera, agurtzen nauena, edo ikasle ohi bat izatea niri euskal-dantzak irakasten didana, edo loreak saltzen dizkidana, edo odola ateratzen didana edo Koldon lankide dudana... 25 urte igaro dira eta gauzak ez badira gehiegi aldatzen, 50.urteurrenak ere hementxe harrapatuko nau lanean, erretiro urrun ikusten baitut. Baietz!!! Virginia Martinez
Norbaitek galdetzen badizu, “Aizu, zer suposatu izan du Koldo Mitxelenak zuretzat?” agian momentu batez, zure oroimena txuri geratu, eta konturatu gabe, gordetako altxor baten moduan, bat-batean, asimilatzen hasiko zinateke zure memoriak dituen hainbeste momentu, erlazionaturik direnak Institutoarekin. Hasteko, baliteke jende gehienak bezala, pertsonetaz oroitzea izango zen burura datorkigun lehen irudia. Normalean hau izaten da indartsuen gure burmuinak biltegian sartu eta sailkatzen dituen momentuak. Irakasle, ikasle, edo agian hobeto esanda, gure hezitzaile eta lagunetaz hitzegin beharko genuke. Modu berezi batean ordea, Koldo Mitxelenak definituko lukeen ezaugarrietako bat, hurbiltasun sentsazio hori izango zen, bai ikasle, eta bereziki salbuespena dena, irakasleekiko. Badakit baten batek esango duela agian gehiegikerietaz ari naizela hizketan, baino pertsonalki, irakasleekiko hurbiltasun horrek, ikasketetan, zein konfidantza giro batean lagundu duela uste dut. Askotan dakigunez, irakasleak distantziamendu minimo bat erabili behar dute, haien hezitzailearen paper horretan errespetua ezartzeko, baino, paradoxikoki, nere iritziz, emaitza negatiboak ez ezik, klaseko giroan konfidantza eta elkarlana bultzatu izan du modu oso egokian hurbiltasun horrek. Bestalde, azpimarratu beharra dago, monitoreen erabilpena egin ordez, Koldo Mitxelenan, irakasleak izan direla bidaietan lan gogor horretaz arduratu direnak eta horrek noski, nekea dakar haientzat, baino beste ikuspuntu batetik ikusita, irakasleekiko erlazio horretan sakontzea ahalbidetu izan du. Gizakien erlazioetan hortaz, hurbiltasuna sentiarazi baldin bazigun Koldo Mitxelenan egoteak, ikuspuntu akademiko edo hezitzaile batetik, beste hainbat oroitzapen dira aipatu ditzazkegunak. Lehenik eta behin, Espainiar Trantsizio garaian Adolfo Suarezek esan zuen bezala, Fisika ezinezkoa zela euskeraz ematea entzun ondoren, horra hor, danok asko maite dugun irakasle bat egon da (tamalez jadanik ez ditu klaserik ematen, baino zoriontsu dabil) urteetan zehar, hizkuntz honetan aritu dena peto-petoan, Fisikan zein Kimikaren jakiturian sakontzen, edozein hizkuntzatan izango balitz bezela, inongo arazo linguistikorik gabe. Bestalde, euskera maila orokorrean, nabarmenki hobeagoa izan bazen, lurraldeko beste institutuekin alderaturik, ezin dugu ahaztu, irakasle hauen fruituetatik eta bestalde, ikasleen jokabide positiboagatik eman direla, euskerarekiko. (Nahiz eta hemen zehaztasunez hitzeginda, ikasleok, gehiago hitzegin beharko genukeen euskeraz klasetik kanpo). Koldo Mitxelenan egoteak, prestakuntza oso egokia ekarri bazuen ere, Euskal Herriko arazoen barnean ere, kultur mota baten alde eta hizkuntza baten babesaren alde egitea ekarri zidan. Danok dakigunez, Euskal Herriko hizkuntza dena, Institutoak bultzatu izan du milaka ekimenen bidez, eta nahigabe, askoren usteen kontra, ez gaitu doktrinarioki hezitu, baizik eta hurbiltasun puntu horren bidez, erakargarri eta maitagarri bihurtu du hizkuntza, Gasteiz bezalako hirian hain beharrezkoa dena bere erabilera, galdu ez dadin. Argi dago Institutoak arazoak izan dituela Euskararen babesa eta erabilpenagatik, baino badakigu gizartearen sektore batzuk zein jarrera duten Euskerarekiko. Biolentziarekin erlazionatu eta pentsatuz Euskeraz ikastea, zuzenean politikarekin lotzean gatazkarekin batera, akats nabarmen batean erortzen ziren. Eskerrak, denborarekin, garai zail hoietatik, Euskeraren erabilpena Instituto honetan normalizazio bat jasan duen, pixkanaka, ikasleak erakarriz D eredu honetan aritzera. Bestalde, Insitutoak egindako ekitaldien bidez ere, Emakumearen munduaren inguruan, genero biolentziaren inguruan, emigrazioaren eta honen inguruko topikoen inguruan, hausnarketak egitea erraztu zigun, askotan gure pentsamendua irekiz. Azkenik, eta ez honengatik garrantzi gutxiagokoa, gure garapen pertsonalean izan duen papera azpimarratu nahi genuke. Lagunak, gure ingurua sortu eta nahigabe gu ere hezitzen lagundu edo kaltetzen dutenak. Zorionez, gure institutoko lagunak oraindik diraute eta jarraituko dute. Baliteke, edozein eskolatan agian antzeko emaitza izatea, baino nire esperientziaz, esango nuke asko ikasi eta asko gozatu dudala hemen, noski, momentu hobeago eta txarragoekin, bizitzan bezala. Azkenean, jadanik bost urte igaro direnetik Koldo Mitxelenatik alde egin genuenetik, ba oso ederra da, nahigabe urteak hain azkar joan izatea, eta atzera begiratzea eta alaitasun sentsazio batez oroitzapen positibo eta hunkigarri bat izatea gordeta. Hau betirako izango da eta ezin daiteke baloratu zenbat balio duen horrek, iraganeko garaiak pasa eta denbora galdu ez dugula ikustea…milaesker, besterik ezin dugu esan. P.D.: Esker Bereziak eman nahi nituen irakasle guztiei, bereziki nire irakasle izan direnei: Kepa, Pepelu, Begoña, Luis, Lontxo, Xabi Rico, Mikel Beorlegi, Juanmi, Juancruz, Joxean, Amparo, Jon Juaristi, Koldo Alijostes, Jatsu, Edurne, Merce, Antonia, Juanjo, Meltxor, Alicia, Jordan, Roberto, Koldo Mauleon, Pablo, Marije, Virginia eta gogoratzen ez naizen beste hainbestetaz… Milaesker eta Institutuak beste hainbeste urte igaro ditzala! Beñat Egiluz
Koldo Mitxelenan ikasi izanaz harro nago.
Gaurko nire lagunak garai horretan ezagutu nituenak dira, han bizi izan nituen lehenengo maitasunak, B eredutik banentorren ere euskara maila polita hartu nuen bertan, bertsotan amesten ikasi nuen, irakasleak lagun eta maisu izan nituen, elkartasunaz, gure herrian gertatzen zenaz eta hitzaren bitartez borrokatzen ikasi nuen, selektibitatean markak hautsi genituen gutaz gaizki mintzo zirenei ahoa itxiz. .. Koldo Mitxelenan ikasi nuelako gaur nire semea familiako lehendabiziko euskaldun zaharra da, bertan euskararekiko maitasuna finkatu nuelako itzultzailea naiz ni, eta han elkar ezagutu genuelako nire lagunartearen zati handi bat euskalduna da. Gure belaunaldia lehenengo gasteiztar euskaldunena da, batuaz baina era naturalean mintzo garen horiena... eta hori horretarako giro aproposa eman ziguten ikastetxea osatu duten guztiei zor diegu. Koldo Mitxelenan ikasi izanaz harro nago, hiruhilabete oso batez nahitaezko zerbitzu militarraren kontrako manifetara joateko heziketa fisikoko eskolarik izan ez bagenuen ere. Gora gu eta gutarrak... eta bidean geratu zirenak. Gora Koldo Mitxelena! Ainhoa Ferrón
Itzultzailea
(ikasle ohia)
Odon Apraiz ikastolatik heldu zen Koldo Mitxelenara Arrausi, kale bat zeharkatzea besterik ez zuen, beraz, halere, «saltoa izugarria» iruditu zitzaion. DBHn hasi zen lehen ikasturtea zen harena. «Lehenengo egunean kiroldegian bildu gintuzten...a ze nerbioak! Gainontzeko ikasle berri guztiak helduagoak ziruditen». Orduan ez zekien kiroldegi hartan egun dituen lagun minenak ezkutatuta zeudenik. Konturatu orduko, batxilergoko azken bi urteetan zen, «gehiegi mitifikaturik ez dudan garaia, orduan astunak ziruditen ardura eta kezkak genituelako». Bizi izandako denboran Jon Maia bertsolariaren hitzaldi bat du ondo gogoan: «Argigarria izan zen. Gasteiz moduko inguru erdaldun batean euskaraz bizitzeko eta lan egiteko tresnak genituen Koldon».
(berria egunkarian argitaratua) Hodei Arrausi Kazetaria (ikasle ohia) Mundua zabaldu» zitzaion Agirreri ere Koldo Mitxelenan, bat-batean jende pila bat ezagutu eta ikasten hasteko. Klaseko lehen egunean esan zieten araua du gogoan: ezin zen ikasgeletan erre. «Imajinatu, eskolan beti ezkutuka erretzen genuen, bekatu handia balitz moduan, eta han arau bakarra hori zen. Flipatu egin nuen!». Hasierako lehenengo bi urteak eta ondorengoak «oso desberdin» oroitzen ditu Agirrek: «Lehenak nahiko zoro gogoratzen ditut, askatasun berria disfrutatzen, piper egiten... batxilergoan serioago hartu nituen ikasketak». Urteen bueltan, egidako lagunak gogoan ditu eta hizkuntza eskolak: «Irakasleei asko estimatzen diet idazteko eman zizkidaten animoak, oso inportanteak dira nerabezaroan».
(berria egunkarian argitaratua) Katixa Agirre
Idazlea
(ikasle ohia)
Koldo Mitxelenan hasi zen lehen belaunaldikoa da Prusilla. Euskara hutsean ez zegoen institutu publikorik orduan eta Gasteizen «beste harri bat» izan zela uste du, «garrantzitsua». Virginia, Luma, Juanma, Mariate eta beste hainbat irakasleren izenak gogoan ditu oraindik: «Gazteak ziren irakasleak eta asko inplikatzen ziren gure hezkuntzan, eskolak emateko beste era bat zen. Beste ikastetxeekin alderatuta, hori zen bereizgarria». Euskara ere bazen ezaugarri nagusia, nahiz eta ikaskideekin «gutxitan» egiten zuela aitortu: «Zorionez, denborarekin euskara gero eta gehiago entzuten da ikasleen artean eta baita kalean ere, poztekoa da». Ikasgaien artean, bestalde, bat edo beste «gurutzatu» zitzaiola gogoan du. «Latina gogoratzen dut hasiera batean arrotza egin zitzaidala. Zertarako balioko zuen latinak? Gero zuzenbidea ikasi eta konturatu naiz oso baliagarria izan zitzaidala». (berria egunkarian argitaratua) Ikastolatik instituturako aldaketa ez zen oso «bortitza» izan Loborentzat, orduan bi klase baino ez eta ikaskide asko ikastolako lagunak zituelako. «Institutuko jabeak ginen, berri berria eta gure esku; ateetako giltzak ere bagenituen!». Egonaldia «berezia» izan zen harentzat, eta bereziki gogoan du irakasleekin izandako harremana. «Beste ikastetxe batzuetan zigorrak, kaleratzeak, mila ikasle...gurean lagunen arteko harremana zen, txikia. Baina hori ere aldatu zen denborarekin». Koldo gatazkatsua izatearen famarekin ez dator bat Lobo: «Benetako gatazkak ez dut uste izan zirenik; egia da beste institutu batzuetan ezarritako disziplina ez zegoela, greba gehiago egiten genituen, eta hasiera batean behintzat askeago ginen». Aldiz, talde txikia izateak ere «kontrol» handiagoa izatea dakarrela gogoratu du. «Lagunen arteko harremana zen nagusi, halere». Golkoko gerra hasi zen orduan, eta aldarrikapen eta manifestazioak ere ugari izan zirela gogoan du, «ia ostegunero egiten genuen greba edo geldialdiren bat». Ikasketekin, baina, ez du oroitzapen oso onik: «Aurretik, ikastolan, ikasi gabe gainditzen nuen, eta dinamika berdinarekin jarraitu nuenez institutuan emaitzak ez ziren berdinak izan». Alboko kafetegian futbolinean jokatzen egindako orduak gogoan ditu. Ikasketak ikasketa, oroitzapen ona du bertako egonaldiaz eta irakasleez, «gaur egun oraindik kalean aurkitu eta agurtzen ditut batzuk». (berria egunkarian argitaratua) Unai Lobo Musikaria (ikasle ohia) Institutuaren sorrera gertutik jarraitu zuen Agirrek Toki Eder ikastolan, eta beraz, ez zitzaion arrotza egin aldaketa. «Institutu txikia zen, jende gutxi ginen eta erraza izan zen ikastolatik instituturako saltoa. Oroitzapen ederrak ditut». Lehenengo eguna, ordea, ez zaio berehalakoan ahaztuko: «Toki Ederren euskara hutsez hitz egiten genuen eta oraindik gogoratzen dut Koldora iritsi eta ikaskide berriak gaztelaniaz barra-barra hizketan». Institutu «gatazkatsua» izatearen fama ere bazuela gogoan du, «baina, batez ere, institutu euskalduna eta publikoa izateak batzuengan pizten zituen aurreritziak zeuden fama horren atzean!, besterik ez». Egindako lagunekin batera, irakasleekin izandako harremana du gogoan. «Institutu txiki baten gertutasuna dut gogoan, hori niretzat sekulako altxorra da; irakasle batek ezagutzen zaituenean, zura gaitasunak, zaletasunak...». (berria egunkarian argitaratua)
Iruditzen zait hasierako ikasle, irakasle eta guraso gehienen izenean hitz egiten dudala, Koldo Mitxelena institutu bat baino askoz gehiago izan zela baieztatzen dudanean. Gurasoentzat apustua, euskararen eta kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko apustua, baina ia zerotik hasi beharrekoa, horrek zekartzan arriskuekin. Araba euskalduntzeko ikastolak sortzeko hainbeste lan egin ondoren, lan horrek segida behar zuen eta gurasoek ez zuten amore eman euren seme-alabentzat euskarazko hezkuntza osoa bermatu arte. Irakasleentzat ere hutsera egindako jauzia, erronka galanta, buruhauste ugarien iturria, euren bokazioa proban jartzeko aukera paregabea. Eta ikasleontzat... abentura!!! Abentura zirraragarria, heldutasunean sartzen ari ginenaren sentipena, gurasoekiko zilbor-hestea mozteko urratsa, beheak eta goiak irensteko gogoa, mundua aldatzeko itxaropena, 80ko hamarkadako borrokarako aldez aurretiko jarrera... nerabezaroa, aldaketa garaia, nortasuna finkatzeko garaia, abentura zoragarria...
Baina abentura eskolako lehen eguna iritsi aurretik hasi zen. Beharbada kontatu behar dudana ez da politikoki oso zuzena, baina gauzak horrela gertatu ziren eta horrela daude iltzatuta nire oroimenaren kutxa zaharrean. Garai hartan ahaldun nagusi (uste dut) zen Fernando Buesaren bulegoan ikusten dut nire burua, institutu euskalduna behar genuela adierazi genion bilera hartan eta oso gogoan dut bere lehen erantzuna: “Por encima de mi cadáver”. Ondoren, hainbat manifestazio eta ekimen egin genituen gurasoekin batera erabat euskalduna eta publikoa izango zen Euskal Herriko lehen institutua lortzeko (D ereduzko gelak baino izango ez zituena eta Ikastola ez, baina institutu izango zena). Azkenean, borrokaren ondorioz, helburua lortu genuen eta oztopoak-oztopo, lehen urterako 70 ikasle bildu ginen Koldo Mitxelena Institutuari hasiera emateko.
Gogoan dut lehen urte hura oso gogorra izan zela, zenbait gurasoen arteko liskarrak datozkit burura eta pena handiz gogoratzen ditut aitak etxean gai honen inguruan kontatutakoak, gure herrian hain ohiko diren bidelagunen arteko eztabaida eta borroka zentzugabeak. Ikastola desberdinetatik etorritako ikasle eta gurasoak bildu ginen lehen urte hartan eta gurasoen aldetik hezkuntza-ereduen arteko talka gertatu zen, bakoitzak institutua bere eredura ekarri nahi zuen, norberarena beti onena dela pentsatuz. Ikasleok (irakasleen laguntzarekin) hartu genuen orduan hitza eta gogoan dut bilera egin genuela guraso eta irakasleekin. Bilera hartan dagoeneko ez geundela ikastolan adierazi genien eta utz zitzatela institutura iritsi aurreko tirabirak alde batera, institutua denon artean egingo genuela eta ikasleon iritzia kontuan hartzeko garaia heldu zela, gurasoen artean zegoen banaketa ez genuela ikasleen artera ekarri nahi garbi eta ozen esan genien, zilbor-hestea mozten pixkanaka...
Pasa zen urte gogor hura eta bigarren urtean irakasle guztiak edo gehienak aldatu ziren. Gogo eta ideia berriekin iritsi ziren hainbat irakasle, aurreko urtean gertatutako guztiaren beldurrez, baina euren lanaren bokazioak bultzatuta hezkuntza eredu propioa sustatzeko gogoz. Gogoan dut nola defendatzen genuen gure institutua egiten zizkiguten kritika guztien aurrean. Gogoan dut nola defendatzen genuen eta harrotasunez defendatu ere, liburuetan jartzen zuenaz gain, gainontzeko institutuetan ikasten ez ziren beste hamaika gauza ikasten genituela Koldo Mitxelenan. Esandakoaren adibide diren hainbat eta hainbat pasadizo gordetzen ditugu garai hartako ikasle ohiek, baina nik gutxi batzuk baino ez ditut aipatuko, betirako nire barneko txokorik kuttunenean gordetako gutxi batzuk baino ez.
Gogoratzen dut ikaskide bati dirua lapurtu ziotela behin. Inork ez zekien nor izan zen, baina zurrumurruak zeuden eta beti bezala, ikasle ganberroenei leporatu zitzaien lapurreta. Haiek ezetz, beraiek ez zekitela ezer eta orduan, bidegabekeriaren aurrean elkartasuna adierazteko eta bide batez lapurtutako dirua berreskuratzeko, dirua agertu arte inor ez zela institututik aterako erabaki genuen. Irakasle batzuk atera nahi izan zuten, baina ez genien utzi, nork ziurtatzen zigun ez zirela beraiek izan dirua hartu zutenak? Egoera hartan denak ginen susmagarri edo denak ginen errugabe, beraz, ateak itxi genituen eta etxera deitzen hasi ginen lotara ez ginela joango abisatzeko. Gurasoak institutura hurbildu ziren hura onartezina zela esanez, baina guk ez genuen amore ematen (eskertzekoa orduan izan genuen zenbait irakaslen laguntza eta babesa, gure erabakiekiko errespetua azken finean). Ezin ziren barrura sartu, itxialdia zen eta han ez zen inor ateratzen eta ez zen inor sartzen. Ikustekoa zen gurasoak leihoetatik jana pasatzen afari gabe gera ez gintezen... Azkenean, zenbait gurasok erabaki zuen hura ez zegoela onartzerik eta nahikoa zela, ume moko batzuk ginela eta etxera eramango gintuztela bai ala bai. Bilera bat egin zen eta gauzak ez okertzearren etsi egin genuen, hori bai, bidegabe akusatuak izan zirenak asteburuan ere institutuan geratu ziren itxialdia egiten, euren errugabetasuna defendatzeko. Uste dut azkenean “munipak” bidali zituztela gazte hezigaitz haiek menderatzeko... Iruditzen zait pasadizo honek ezin hobeto erakusten duela urte haietan Koldo Mitxelenan bizi zen giroa eta norbaitek institutuari buruz galdetzen didanean, beti etortzen zait burura egun hura, primeran irudikatzen baitu institutuan ikasi genuen “guztia”. “Koldon” aldarrikatzen genuen elkartasunaren ikur izan zen ekimen hura.
Gogoan dut era berean, abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren egunean, eskolara joatea proposatu genuen eguna, hau da, jai arrotz eta inposatu bat ez ospatzeko proposamena egin genuen eguna. Batzarra egin genuen irakasleekin gaiari buruz hitz egiteko. Bozketa egin genuen eta gehiengoa eskolara joatearen alde agertu zen, baina orduan, irakasleen erretolika etorri zen: institutuak dagoeneko nahiko fama txarra zeukala, alde bateko dotrina bakarrik erakusten zela gurean, hainbat gauza entzuten zirela kalean “Koldori” buruz eta horrelako ekimen bat aurrera eramanez gero, egoerak okerrera egingo zuela. Beste institutuekin batera eginez gero ideia ona litzatekeela, baina gu bakarrik izanda, arriskutsua zela eta bla, bla, bla... beharbada ez zitzaien arrazoia falta eta hala ulertu genuen orduan, baina oraingo perspektibarekin eta langile bizitzan murgilduta nagoela, susmoa dut irakasleek euren zubia galtzeko arriskua ikusten zutela batez ere ;-) (ezin da hemen emotikono horietako bat jarri???).
Institutuak oso fama txarra zuen kalean, desberdina den orok duen fama txarra, ezezagunak sortzen duen arbuioa eta gaitzespena jasotzen zituen eta gainera euskalduna eta nolabait esateko, iraultzailea zen, zer okerragorik VTVentzat? Edozein aitzakia ona zela greba egiteko, terroristak sortzen zirela gure ikasgeletan, euskaraz izanda gainditzea erraza zela eta “nahikoak” oparitu egiten zizkigutela, beste edozer egiten zela han behar ziren gauzak ikastea baino... baina kontua da urteak joan eta urteak etorri, Koldo Mitxelena institutuak oso emaitza onak izaten zituela selektibitatean, kritikatzen zuten guztien zorigaitzerako. Honen ildotik, UBI egiten ari ginela, greben kontua berrikustea erabaki genuen denen artean eta ordura arte egun osoko greba zirenak geldialdi izatera pasatzea erabaki genuen. Ikasle askok greba egunak ohean geratzeko aprobetxatzen zituzten eta greba eguna ez zela jai eguna argi utzi nahi genuen, beraz, deitutako ekitaldietan parte hartzeko geldialdiak egitea erabaki genuen egun osoko greben ordez, beharbada horrela ekitaldietara jende gehiago hurbilduko zen itxaropenean eta gure borrokarentzat galdutako zentzua eta begirunea berreskuratu nahian.
Horrelakoak izan ziren Koldo Mitxelenako lehen urteak, horrelakoak ginen garai hartako ikasleak, baina baita irakasleak eta gurasoak ere.
Lehenik eta behin, eskerrak gurasoei, haien lanari esker Koldo Mitxelena bezalako institutu batean ikasteko aukera izan genuelako. Izan dadila testu hau gure aitari egindako omenaldia ere, Arabako hezkuntza publikoaren eta euskaldunaren alde egindako lan eskerga izugarriagatik. Seguru nago gustura hartuko lukeela parte institutuaren 25. urteurren honetan. Gure gurasoen eredua izan zen abentura honen ardatz nagusia. Gurasoek hasitako euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko borroka barreiatu genuen guk beste alor askotara.
Irakasleei ere mila esker, eurek lagundu baitziguten hein handi batean, liburuetan agertzen ez ziren gauza horiek guztiak ikasten, bereziki eskertu nahi diet aldaketa urte haietan bidean lagun izateagatik, gogoan dut askotan ez zigutela esaten zer egin edo zer ez, gure erabakiak errespetatzen zituzten eta hori nerabe batentzat altxorra da, beraz, nire eskerrik beroenak urte haietan jo eta su lanean ibili ziren irakasle guztientzat: gogoan Afroren jarrera lapurretaren eguneko itxialdian; gogoan Xabi Ricoren yoga jardunak eta baita astelehenetako lehen orduko erlaxazio-ariketak ere; gogoan Jon Juaristiren sintaxi zuhaitzak, niretzat euskara eskolak interesgarri egin zituztenak, horrek bultzatu al ninduen Euskal Filolofia ikastera? zenbatetan gogoratu naiz zuhaitz haietaz karreran Chomskyz hitz egiten zigutenean...; gogoan Mariateren ahaleginak gimnasiari behar zuen garrantzia emateko; gogoan Abel, Luma, Virginia eta JuanMari (rosa, rosae...), Amparo, Alicia... eta gainontzeko guztiak, denei eskerrik beroenak, bene-benetan.
Gogoan era berean, hainbat ikaskide eta haiekin pasatako momentu ahaztezinak: Kiko Mangarran eta bere istorioak, Bele Txuria aldizkaria egiten genuen taldekideak (Adolfitoak ziren banatzen genituen sari haiek? batzutan oroimenak huts egiten dit...), “ganberroak”, haiek gabe “Koldo” ez baitzen gauza bera izango, borrokalari sutsuak, saltsa guztietako perrexilak... eta hemen bai, ez dut izenik emango, nahi baino lagun gehiago ahaztuko ditut bestela.
Hau guztia gogoratuta, esan dezaket “Koldo” izan dela gaur naizenaren errudunetako bat: euskalduna, norberaren herriaz arro sentitzen dena (“el que no quiere a su patria, no quiere a su madre” Calle 13; aitak ere askotan esaten zidan: “ez fidatu euren herriaz gaizki esaka ibiltzen diren horietaz”), eskola publikoaren aldekoa, mundua aldatzeko itxaropena galtzen ez duten horietakoa, gauzak beste era batera egin daitezkeela sinisten duten horietakoa, hezigaitza, kontraesanez eta zalantzez betetakoa, ameslaria, abenturazalea, erantzunkorra (amaren esana ondarrutarrez: “zelako lapiku, halako tapi”)... Nerabezaroan nortasuna finkatzen baldin bada, ezin ukatu urte haietan bizi izandako guztiak bere arrastoa utzi duela nigan, baina buka dezadan behingoz...testua berrirakurtzean, amonaren istorioak kontatzen ari naizela iruditzen baitzait, benetan diozue dagoeneko 25 urte pasa direla?
Ainara Estarrona
(ikasle ohia)
1988an Koldo Mitxelena institutuan hasi ginen ilusio handiarekin eta beste ikastoletako jendea ezagutzeko prest. Bide luzea genuen eginda institutua ireki zutenerako. Askotan joaten ginen ikasleak, gurasoak eta irakasleak Hezkuntzako Ordezkaritzara institutu euskalduna behar genuela adierazteko. Oraindik gogoratzen dut sailburuari zuzendutako oihuak: “Buesa entzun, ikastetxe berria behar dugu”.
Ez ziguten ikastetxe berria egin, baina behintzat Zaramagako eskola zahar bat egokitu ziguten eta hantxe hasi ginen. Lehen ikasturte horretan bi gela osatu ziren eta seguru aski garai horretako ikasle eta irakasleek mila anekdota ditugu kontatzeko. Adibidez, ez dakit nola baina jakin izan genuen ikastetxean bertan mediku kontsultategia jarri nahi zutela. “Baina, nola jarriko dute mediku kontsultategia ikastetxe baten barruan?”, galdetzen genion geure buruari. Ez zen serioa, asko kostatu zitzaigun ikastetxea lortzea eta ikastetxea defendatu beharra genuen. Kontsultategia mehatxu gisa ikusi genuen. Horri gogor egin genion aurka eta azkenean gure institutuak institutu bakarrik izaten jarraitu zuen. Astelehen batean institutura iritsi ginen eta institutuko atea itxita zegoen. Oso arraroa zen, atezaina institutuan bertan bizi zen eta goizero-goizero atea irekitzen zuen... Asteburu horretan gure atezaina atxilotu omen zuten... Jakin genuenean Iparralde Gizarte Etxera joan eta han bilera egin genuen. Greba egitea erabaki genuen gure atezainaren atxiloketaren aurrean kexatzeko. Azkenean greba amaitu, gure atezaina institutura itzuli eta eskolekin jarraitu genuen “normaltasun” osoz... Hamaika gauza konta ditzakegu hasierako urte horiei buruz... Beste behin ikaskide bati norbaitek dirua lapurtu zion eta erabaki genuen institututik ez ateratzea dirua agertu arte. Han geldituko ginen lo egiten... Beraz, idazkaritzako telefonotik gurasoei deitu eta etxera ez ginela joan behar esan genien... Noski, gurasoak azkar-azkar bertaratu ziren institutuan eta..., denak etxera.... Berogailua apurtu zen eta areto nagusian eserialdia egin genuen, Golkoko Guda hasi eta gu astero-astero greba egin genuen, ikaskide batek arazoak zituenean han ginen laguntzeko prest... Guk beti egiten genien aurka bidegabetzat jotzen genituen egoerei, agian garai horretan horrela jokatuz baino ezin zirelako gauzak lortu. Beraz, izandako irakasle ausart eta bikainek erakutsitako gauza guztiez gain, Koldo Mitxelenan irakasle horiekin eta ikaskideekin beste gauza anitz ikasi genituen, eta gauza horiek dira ahaztu ezin ditugunak. Gogoan ditut hesi berdean eserita igarotzen genituen atsedenaldi tarteak... Gominolak eskuan txutxumutxuka ordu erdiz egunean!! |